Literaturara gerturatzeko liburu gomendioak

Imanol Beloki Unamuno 2025ko api. 11a, 17:12

Literatura Juntaixe edizio batean batutakoak.

Literatura Juntaixe egitasmoaren aurtengo edizioan, herriko lau pertsonak gogoko duten irakurketa baten pasarte bat irakurriko dute, Dorleta Kortazarrek gidatutako saioan, Garikoitz Barandiaran eta Asier Mongelos musikariek lagunduta.

Hainbat eskoriatzarrek bereziki gustatu zaien liburua aurkeztuko dute jendaurrean, domeka honetan, 12:30ean, Literatura Juntaixe egitasmoaren barruan. Protagonistak Zaldibar antzokiko oholtzara igoko dira eta pasarte bat irakurriko dute zuzeneko, musikaz lagundurik. Honako hauek izango dira irakurleak: Larraitz Iparragirre, Iñaki Agiriano, Olaia Benito eta Jose Arana. Musika jartzen, berriz, Garikoitz Barandiaran eta Asier Mongelos arituko dira, eta Dorleta Kortazar arituko da gidari.

Gustuak elkarbanatuz

"Literatura Juntaixe egitasmoa egin ohi den edizio guztietan moduan, oraingoan ere liburu gomendioak egiteko aprobetxatuko dute irakurleek. Aurreko edizioetan moduan, parte-hartzaileei gustuko duten edo eurentzat esanguratsua den liburu bat aukeratzeko eskatzen diegu. Dorleta Kortazarrek, saioko gidariak, liburu hori irakurtzen du, eta irakurle bakoitzarekin solasaldia egiten da: Zergatik aukeratu duen liburu hori? Zeintzuk dira liburuaren alderdi azpimarragarrienak?... Hori da planteamendu orokorra. Horrekin batera, liburuen pasarteak herritarrekin elkarbanatzen dira, irakurketa txiki bat eginez, musikaz lagunduta", adierazi du Oskar Loitik, Eskoriatzako Bibliotekako arduradunak. Gidari izango den Dorleta Kortazarrek, berriz, herritarrei egitasmora gerturatzeko dei egin die. "Duela bost urte jaiotako egitasmoa dela esango nuke. Herritarrek, herritarrentzako egindakoa. Oso giro polita izaten da, eta jendeari etortzeko esango nioke. Ez da literaturzalea izan behar ekimenaz gozatzeko. Formatu polita izaten da eta goxo egoten gara".

Biografiak kontatuko dituzte

Domekako hitzorduaz batera, Ezagutuz ulertu, ulertuz maitatu izeneko egitasmoaren barruan, gaur, egubakoitza, 18:00etan, Zaldibar antzokian, lehiaketaren sari banaketa egingo dute, eta, gainera, irabazleek euren aitona-amonen biografien irakurketa egingo dute. Saioa girotzeko, Beheko Errota Musika Eskolakoen zenbait pieza izango dira entzungai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak