Tipi-tapa elkarteak iaz 23 familia zituen bazkide, eta izen-emateek gora egin dute; izan ere, 26 familia dira, gaur-gaurkoz, elkartearen parte. Irailean, Txatxilipurdi elkartearekin batera, bazkidetza-kanpainarako ekintza egin zuten, eta orain, apirilaren 5ean izango da Tipi-tapakoen hurrengo ekintza nagusia: marrazki tailerra.
Marrazki tailerra
Apirilaren 5erako, zapatua, bi ordu iraungo duen marrazki tailerra antolatu dute, kultura etxean, Izaro Sanchez aretxabaletarrak dinamizatuta. 11:00etatik 13:00etara bitartean, 2 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendutako ekintza izango da, eta, haurrek gurasoekin lagunduta joan beharko dute. Prezioa hiru euro da, eta bazkideek doan parte hartu ahal izango dute.
Saioan, Herve Tullet artista eredutzat hartuta, kolore primarioak erabilita eta testurekin jolastuz artelan txiki bat egingo dute umeek, gurasoen laguntzarekin. Interesdunek tipitapaelkartea@gmail.com helbidera idatzita eman beharko dute izena, eta horretarako azken eguna martxoaren 31 izango da.
Babesa jasota
Eskoriatzako Udalak utzita, Tortolis ludoteka izan dute erabilgarri Tipi-tapako bazkideek; denbora batez Ibarraundi museoan izan dira, eta orain kultura etxeko eraikineko gela bat utziko diete. "Ludoteka erabilgarri izan genuen iaz, familia bakoitzak bere giltzarekin, aplikazio bat erabilita (aurten ere erabiltzen dute). Astean zehar, goizetan, eta asteburuetan izan genuen erabilgarri. Ikasturte amaieran balorazioa egin genuen, eta arratsaldeetan ere eremu bat izan nahi genuen. Hala, martitzen eta eguenetan aukera izan dugu Ibarraundi museoa erabiltzeko, baina eraikina irekitzeko baldintzak genituen… Orain, eraikin kanpoko lanak direla eta, denbora batez kultura etxera birkokatuko gaituzte, seguruenik. Materiala ere batzen ari gara; esaterako, ipuin pila bat ditugu Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak emanda", adierazi du Maitane Ayalak, Tipi-tapa elkarteko kideak.
Ekintzak zehazten
1 eta 4 urteko haurrak dituzten familiak dira, batez ere, Tipi-tapa elkarteko kide, baina ateak zabalik dituzte. "Irailean egin genuen bazkidetza-kanpaina. Orain, ekintza nagusia, eta gero, maiatz edo ekain aldera ere egingo dugu beste ekintzaren bat", adierazi du Ayalak.