Zuhaitz Gurrutxaga: "Bizipen pertsonaletan oinarritutako lana da"

Imanol Beloki Unamuno 2025ko mar. 28a, 09:04

Zuhaitz Gurrutxaga umoregilea.

Zuhaitz Gurrutxaga Loiolak (Elgoibar, 1980) Nortasun agiria izeneko hirugarren bakarkako lana aurkeztuko du Eskoriatzan domeka honetan, Zaldibar antzokian. Ez da lehenengo aldia Eskoriatzara datorrena umorista elgoibartarra, eta oraingoan ere eskoriatzarrak barrez lehertzen jartzea da haren asmoa.

Proiektu berriarekin izango da, eta, herriz herri hasi duen birari hasiera eman berri, hirugarren herria zapalduko du elgoibartarrak. Horrenbestez, estreinaldi bete-betean, aurreko lanetan bezala, oraingo honetan ere egiazko bizipen pertsonaletan oinarrituko du haren kontakizuna, era komikoan, umorea barra-barra sortuz.

Nortasun agiria izeneko bakarrizketa aurkeztuko duzu Eskoriatzan. Nolakoa da?

Aurreko lanetan moduan, bizipen pertsonaletatik abiatutako lana da. Interes gehiago sortzen dit, egia hartuta, egiatik kontakizuna egiteak fikzioa sortzea baino, eta kasu honetan ere horrela izango da. Nire bizipen pertsonalak oinarrian hartuta izango da kontakizuna. Bertan, bikote haustura batek sortu dezakeen mina, TOCa [Nahasmendu Obsesibo Konpultsiboa] izateak sor ditzakeen buruhausteak, batez ere, sexu harremanetan, benetako euskalduna izatea zein den zaila… Halakoak izango ditut berbagai. Osasun mentalaz ere arituko naizenez, egoera dramatikoa da, eta izan daiteke, gaixotasuna duenak sufritu egiten duelako, baina saiatu naiz drama horri buelta eman eta umorea sortzen.

Zure nortasun agiria erakutsiko duzu, beraz?

Nire nortasuna zein den, ni nor naizen erakutsi nahi dut jendaurrean. Aurrez ere berdina egin dut nire lanetan, baina nire beste zati bat erakutsiko dut Nortasun agiria lanarekin.

Estreinaldi bete-betean, gainera?

Estreinaldia joan den eguenean egin nuen, Donostian; gaur, egubakoitza, Iruritan (Baztan) dut; eta hirugarren saioa izango dut, domekan, Eskoriatzan. Ordubete eta 20 minutu inguru iraungo du lanak, askorik ez banaiz nahasten eta luzatzen.

Zerbait berria ere baduzu esku artean, gainera, ezta?

Paraleloki bi lanekin arituko zara, beraz? FutbolisTOC izeneko nire bigarren lanarekin urteak eman ditut, herriz herri Euskal Herri osoan, eta kanpora ateratzeko aukera ere eman dit. Esan beharra dago nire birak ez direla oso ordenatuak izaten; bat-batean, bost hilabetez geldi egoten naiz, beste zerbait dudalako, eta berriz itzultzen naiz… Bost urtez aritu naiz FutbolisTOC-ekin, baina geldialdi handiekin, eta Nortasun agiria lanarekin, egia esan, modu berean nator, ez dut bira ordenatu eta lotu bat. Horrekin batera, beste antzezlan batekin hasteko asmoa dut udan, dena ondo bidean, Escape Room izenekoa. Hark ere lotuko nauenez, aldizka arituko naiz bakarrizketa honekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak