Atama Eskoriatza kenpo taldeko lau borrokalari euskal selekzioa ordezkatzen izan ziren joan den asteburuan Guadalajaran jokatutako kenpoko Espainiako Txapelketan. Haur mailako txapelketan Andoni Puertas, Naroa Cabeza, Peio Lizundia eta Zuhaitz Legorburu eskoriatzarrak lehiatu ziren, infantil kategorian, nor bere diziplinan, eta emaitza paregabeekin bueltatu dira.
Zortzi domina
Urrezko bi domina, zilarrezko hiru domina eta brontzezko hiru domina eskuratu dituzte Espainiako Txapelketan. Atama Eskoriatza kenpo taldeko Rafa Carriet entrenatzaileak Guadalajarako lorpena azpimarratu du: "Emaitza horiei balioa eman behar diegu; batez ere, kontuan hartuta Zuhaitz Legorburu izan ezik, beste guztiak, Naroa, Peio eta Andoni, lehen aldiz Espainiako txapelketa batean parte hartzen izan direla. Honako hauek izan dira Eskoriatzako borrokalari gazteen emaitzak, hurrenez hurren.
Zuhaitz Legorburuk urrezko bi domina lortu zituen semikenpo eta submission kadete kategorietan, 70 kilotik gorakoen arteko borrokan. Naroa Cabezasek 65 kilotik beherakoetan zilarrezko domina lortu zuen, submission modalitatean, baita brontzezkoa ere, kadeteen semikenpo kategorian, 60 kilotik beherakoen mailan. Andoni Puertas borrokalariak zilarrezko domina lortu zuen 60 kilo baino gutxiagoko gazteen submission kategorian, eta brontzezko domina semikenpoan. Azkenik, Peio Lizundiak brontzezko domina eskuratu zuen kadeteen submission kategorian, 60 kilotik beherakoen borrokaldian.
Esker-mezua talde osoari
Carrietek Atamakoen lana ere eskertu du: "Nabarmentzekoa da Danel Calero entrenatzaileak izan duen zeregina; izan ere, lehiakideei laguntza handia ematen die; selekzioa ordezkatzen izan zen Ismael Ocon ere aipatu nahiko nuke". Carrietek eskerrak eman izan nahi dizkie, gainera, ekitaldira joan ziren senideei eta Atama Kenpoko Klubeko talde osoari; adierazi du lankidetzak eta etengabeko ahaleginak ahalbidetzen dituela kirol-lorpenak.