Lehen lana argitaratu du Kremallera taldeak

Imanol Beloki Unamuno 2025ko mar. 14a, 15:58

Alex Agiriano, Peio Uribetxeberriarekin grabatzen.

Esklabo izeneko hamabi kantuz osatutako diskoa argitaratu dute gazte eskoriatzarrek. Grabaketa Peio Uribetxeberria aretxabaletarrarekin egin dute, Aretxabaletako kuartelean, eta, diskoak argia ikusita, zuzenekoetarako gertu daude.

Aitor Arroiabe (bateria-jolea), Mikel Galvez (abeslaria), Julen Zubiaga (gitarra-jolea) eta Alex Agiriano (baxu-jolea) eskoriatzarrek osatzen dute Kremallera taldea, eta punk-rock doinuak uztartzen dituen Esklabo diskoa argitaratu berri dute. Lana entzungai jarri dute Spotifyn eta Youtuben, eta modu fisikoan laster izan nahi dute.

Euskaraz eta gazteleraz abesten dute, eta, guztira, hamabi abesti grabatu dituzte, Peio Uribetxeberria aretxabaletarrak lagunduta, Aretxabaletako kuartelean. Kantu bizkorrak dira, eta esperientzia ederra izan dela adierazi du Mikel Galvezek, Kremallera taldeko abeslariak: "Hamabi kantu grabatu ditugu, horietako bat instrumentala, eta sekulako ilusioarekin egin dugu. Behin diskoa grabatuta, entzun dezakegu zer egiten dugun, eta kontzertuak emateko prest eta gogoz gaude".

Emaitzarekin "pozik"

Aretxabaletako kuartelean egin dute grabaketa, eta, urtarrilean hasita, hilabete baino gehiago izan dira grabatzen eta masterizatzen. "Entzuten gaituztenek barruan duten dena atera dezaten nahi dugu, guk ere hala egiten dugu eta. Musika azkarra egiten dugu, hitz zuzenekin, eta hori nahi dugu. Diskoarekin pozik geratu gara, baita, Peio Uribetxeberriaren lanarekin ere. Sekulako pazientzia izan du gurekin".

Kontzertu gosez

Duela bi urte hasi ziren batzen, eta, taldea eratuta, urtebete honetan aritu dira serioago lanean. "Lehenengo kontzertua desastre hutsa izan zen, guk eginda, klandestinoki; gero, San Pedro jaietan egin genuen beste izen batekin, Elorretako jaietan ere jo genuen, Arrasaten Irati tabernan, eta Zarauzko gaztetxean; azken hura izan da jo dugun kontzertu onena.

Datorren zapatuan kontzertua

Martxoaren 22an, zapatua, Soraluzeko gaztetxean izango dira disko berria aurkezten. 13:00etan, Joseba Irazoki arituko da, eta gauean, berriz, oholtzan izango dira Eskoriatzako hiru musika talde: Kremallera, 3 Kuervos eta Kontarakorde, 22:00etan hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak