Ahoz Aho, punta-puntako ipuin kontalariekin

Imanol Beloki Unamuno 2025ko mar. 14a, 12:49

Carles Garcia, Logroñoko liburu azokan ipuin kontaketa musikatuan. Logroñoko liburu azoka

Ipuin kontalari hauen kontakizunak entzuteko aukera izango da Zaldibar antzokian: Errioxako Carles Garcia Domingo, Uruguaiko Patricia McGill eta Valentziako Eva Andujar, hain zuzen ere. Gazteleraz izango dira kontakizunak, 19:00etan hasita.

Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia ipuin-kontalaritza sustatzeko urtero egiten den ekitaldi garrantzitsua da Euskal Herrian. Ahozkotasunari lotutako hainbat ekitaldi eta ikuskizun eskaintzen ditu haur, gazte eta helduentzat, eta La Caratula izeneko antzerki taldeak antolatzen duen FIO (Festival Internacional de la Oralidad) jaialdiaren adar bat bezala jaio zen, orain dela hamazortzi urte. Euskal Herriko Intujai Teatro taldeak bultzatzen du jaialdi hori, eta Euskal Herriko zein atzerriko punta-puntako ipuin kontalariak elkartuko ditu aurtengo jaialdiak.

Hiru kontalari

Aurten hamazortzigarren edizioa izango da, eta, jaialdiaren zutabe nagusiak Tolosa eta Ordizia izango badira ere, hemezortzi herritan izango dira ekitaldiak; tartean, Eskoriatzan. Saioak Zaldibar antzokian izango dira, hiru guztira, eta arratsaldeko zazpietan hasita. Sarrera doan izango da, eta, pertsona guztiei zuzenduta dagoen arren, antolatzaileek gomendatu duten adina 16 urtetik gorakoa da. Gaur, egubakoitza, Errioxako Carles Garcia Domingo izango da Zaldibar antzokian kontu-kontari; hilaren 21ean, Uruguaiko Patricia McGill izango da; eta, azkenik, martxoaren 28an, Valentziako Eva Andujar.

Hasteko, ipuin tradizionalak

Gaur, egubakoitza, Carles Garcia Domingo ipuin-kontalaria izango da Zaldibar antzokian, eta ahozkotasunaren tradizioa eta berrikuntza uztartuko ditu kontakizunean. Familiatik datorkio kontalari izatea, eta narratzaile familia baten bederatzigarren belaunaldia da. 1982an integratu zen Colectivo Fabula taldean; Espainian idaztearen eta irakurtzearen animazioaren alde egiten dute. Tandem Editorialeko sortzailea ere bada; haur eta gazte literaturan espezializatua dago. Hori horrela, Carles Garcia ipuin-kontalari errioxarraren espezialitatea ere ipuin tradizionalak eta familiarrak izanda, horiekin izango da Eskoriatzan.

Haren errepertorioa familiak transmititutako ipuin tradizionalez osatuta dago, batez ere, nahiz eta kontakizun propioak eta autore garaikideenak ere jaso eta txertatu dituen kontaketetan. Helduentzako saioetan ipuin tradizional eraldatuekin gozatzen du, bereziki, zentzu bikoitzarekin, erotikoekin eta umoretsuekin; betiere, haren nortasuna islatzen duen azidotasun ukitu batekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak