Ikasle garaian makarroikadak jaten zenituen ala eskolan ikasitakoa praktikan jartzen zuenetakoa zinen?
Ikasle garaian bai, baina gaur egun ere, niretzat bakarrik kozinatu behar badut, azkar jateko zerbait egiten dut, makarroikadak barne. Beste batentzat edo lagunekin kozinatu behar badut, eta ikasle garaian ere hala egiten genuen, saiatzen nintzen ikasitakoa praktikan jartzen.
Lanetik kanpo ere gustatzen zaizu kozinatzea?
Bai; batez ere, beste batzuentzat bada. Horrez gain, askotan kozinatzen dut teknikak praktikatzeko edo ikasteko. Hori bai, niretzat kozinatu behar badut, adibidez, tortilla frantses batekin nahikoa dut.
Gastronomia elkartean ikusi zaitugu maiz; tradizio horri eusten diotenetakoa zara?
Uste dut badirela gure kulturaren oinarri politenetako bat. Osasuntsua da lagun artean elkartu eta kozinatzea. Xarma puntu bat ere badu. Orain sartu berri naiz Mendiolan, Eskoriatzan; asko maite dudan toki bat da. Askotan, kosta egiten zait lagunekin elkartzea, asteburuetan lan egiten dudalako, baina, ahal dugunean, hara joaten gara.
Sare sozialen olatua iritsi da sukaldaritzara ere, eta zu zeu ere sartu zara bertan.
Gariren [Bittorren anaia] errua izan zen. Ikus-entzunezkoetan dihardu lanean, eta proposatu zidan plataforma bat sortzeko sukaldaritzako euskarazko edukiak argitaratzeko. Hasiera batean, lotsa ematen zidan sare sozialen olatura igotzeak. Ez dakit zerk bultzatu ninduen aurreneko bideoa igotzera, baina harrera izugarria izan zuen, eta horregatik jarraitu dugu edukiak sortzen.
Zer beste proiektu dituzu esku artean?
Bakea jatetxean lan egiten dut, Mungian, eta hori da proiektu handiena. Horrez gainera, bideo horiek egiten ditugu eta urtean bizpahiru catering ere egiten ditut; esate baterako, uztailean ezkontza batean egongo naiz. Izan ere, nire ideiak praktikan jartzeko egiten dut, hein handi batean.
Joango zinateke beste herrialde batera lan egitera?
Orain bertan ez dakit. Proiektu interesgarri asko daude, baina ez dakit denbora luzez lanera joango nintzatekeen. Motxiladun, akaso, bai; eta hainbat jatetxe eta herrialdetan geldialdiak egingo nituzke.
MOTZEAN
Pintxo bat. Gilda.
Zure plater onena. Plater sakonean jatekoak.
Arraina ala haragia? Ezingo nuke aukeratu.
Gastronomia-mota bat? Berritzailea, baina tradizioa errespetatzen duena.
Kozinatzeko abesti bat. Jasan taldearen Heuretik jo.
Jatetxe bat. Bakea (Mungia).