Eskoriatzako Olaia Benito (2000, Eskoriatza), Artearen Historia eta Ilustrazioko ikasketak dituena eta gaur egun Eskoriatzako udal langilea, izango da Eskoriatzako dinamizatzailea.
Zein izango da zure egitekoa aurtengo ariketa sozialean?
Aurten dinamizatzaile rola izango dut. Eskoriatzako batzordea eta herritarrekin batera Euskaraldia martxan jarri eta aurrera eramateaz arduratuko gara. Dinamizatzaile bezala zenbait ardura edo funtzio izango ditut; berez, dinamizatzaile figura erraztaile bezala ulertzen dut. Herriko sareari bidea egiten dion rola da, gidaritza moduko bat: eragileen koordinazioa, batzordeen eta sareen osaketa-lana, bileren kudeaketa –gai-ordena prestatu, aktak jaso, dinamizazioa bera– eta Euskaraldiaren koordinazio orokorra eta administrazioekin harremana mantenduko duen pertsona izango naiz. Horretaz gain, batzordearen jarraipena ere egin beharko dut, eta momentuak eskatzen dituen beharrei erantzun.
Egin duzue urratsik?
Orain artekoak, barrura begirakoak: kokapen orokorra, Euskal Herriko dinamizatzaileen bilerak, koordinazio orokorrarekin… Herrira begira batzordea osatzeko lehen urratsak egiten ari gara; hurrengo astelehenean, otsailaren 24an, arratsaldeko seietan, batzordearen lehenengo bilera izango dugu eta orduan hasiko gara kanpora begirako engranajea martxan jartzen. Helburua ahalik eta talde zabalena sortzea da; Euskaraldia perspektiba desberdinetatik ulertzen duten norbanako, entitate, elkarte edo kuadrillekin aurrera eramatea, hain zuzen ere. Eskoriatzako errealitatera egokitzen dena, non profil askotariko pertsonentzako lekua egongo den.
"Otsailaren 24an, 18:00etan, batzordearen lehenengo bilera izango dugu"
Beste edizio batzuekin alderatuz zein ezberdintasun izango du aurten Euskaraldiak Eskoriatzan?
Aurtengo berritasun nagusia data aldetik iritsi zaigu; aurreko edizioetan ez bezala, laugarren edizio hau udaberrian egingo da. Maiatzaren 15etik 25era, hain zuzen ere. Eguraldia dela eta, data berri hauetan gizarte bizitza handiagoa dago, orokorrean jendea kalera irtetera animatzen da, hau da, baldintza sozialak hobeak dira. Iruditegi berriak ere bat egiten du ideia horrekin, oso koloretsua eta alaia baita. Bestetik, hamaika egunen bueltakoa izatea hobetsi da, egun kopurua murriztuz eta bi asteburu hartuz. Modu sakonagoan egiteko aukera emateaz gain, ariketaren intentsitatea mantentzen lagunduko duelako. Gainera, 2025eko edizioan Euskaraldian parte hartzeko modu berri bat aurkituko dugu: Euskaraldia HIKA. Ez du lan estra handirik ekarriko; hika egin, ikasi edo entzun nahi dutenei aukera emateko modu bat da. Ahobizi eta belarriprest txapetan H gehigarria jarriko zaie, "nahi baduzu, nirekin hika egin dezakezu" adieraziko duena. Rol nagusiak ez dira aldatuko, eta ez dago hika jakin beharrik H-a ipintzeko; ikasi edo entzun nahi dutenentzako aukera polita izan daiteke.
Aurtengo helburu nagusia?
Hizkuntza-ohiturak aldatuko dituen mugimendua sortzea; leloak adierazten duen bezala mugimenduan jarri da ardatza: Elkar mugituz egingo dugu. Laugarren edizioan, Euskaraldiaren eraginkortasunean sakontzeko urrats berriak proposatuko dira.
Euskaraldiaren gaineko informazioa nahi duenak nora jo behar du?
Edozein zalantza, proposamen edo iruzkin ongietorria izango da. Horretarako, sare-sozialetan aurkituko gaituzue: Instagramen, @euskaraldiaeskoriatza kontuan; Facebooken, @euskaraldiaeskoriatza; eta Whatsapp zenbakia, berriz, honako hauxe da: 666 72 33 94.