Eskoriatzako buztingintza eta zeramika ikastaroko ikasle talde batek bultzatuta 2016an sortutako Buztinate elkartearen jatorria eta ibilbidea labur aipatzeaz batera, elkarteak herriarekin dituen konpromisoak izan zituzten hizpide batzarrean batutakoek, baita taldearen aisialdi jarduerak zeintzuk izango diren ere: irteerak, ospakizunak... Horrekin batera, diru kontuak ere izan zituzten berbagai, eta, tailerraren erabilera egokirako arauak zehaztu ere.
Ekintzak zehazten
Ohiko hitzorduetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu zuten saioan. Ferixa egunean postua jartzea eta tornu erakusketa ematea, Herri Eskolaren Egunean parte hartzea, Gabonetan familientzat apaingarriak egiteko tailerrak antolatzea (Familian buztina egitea)…
Helburuak betetzen
Eskoriatzako Buztinateko labea ez dute erabilgarri izan hainbat urtean, eta horren beharra azpimarratu dute. Hala, labea erosi eta ikastaroetako lan egiteko modua aldatu, erraztu eta hobetu egingo dela dio Olatz Pagaldayk, Buztinateko lehendakariak: "Buztingintzan ezinbestekoa den labea erosi dugu, bazkideen kuotekin eta Eskoriatzako Udalaren laguntzarekin. Martxoan instalatuko dugu. Horrekin batera, eskaerak ere handituz doaz, eta buztina lantzeko beste egun bat gehiago jartzea pentsatzen ari gara; hau da, datorren urtean bi egunetan izango dira saioak, bakarrean beharrean".