Duela bi urte ere egin zuten Eskoriatzan halako tailer bat, Ibarraundi museoan, eta, orduan arrakasta izan zuenez, berriz antolatzea erabaki du Udalak. Orduan bezala, haurrak buruhandien mundura gerturatzeko, goma-aparrezko buruarinak sortuko dituzte.
Buruarinen gaia Munstroak izango da, eta horiek nola egiten diren azaltzen Gorka Olazabal dinamizatzailea izango da kultura etxean. Olazabalek emandako materialekin sorkuntza librean jardungo dute haurrek; betiere, guraso edo heldu baten laguntzarekin. Horregatik, 4 eta 11 urte bitarteko haurrek ezinbestekoa izango dute heldu batekin joatea.
Izena emateko bi modu
Tailerrean izena emateko moduak honako hauek izango dira: batetik, online, labur.eus/buruarin helbideko formularioa beteta; eta, bestetik, zuzeneko arreta bidez, udaletxeko H@AZI zerbitzuan. Buruarinak egiteko tailerrean parte hartzeko prezioa bost eurokoa da haur bakoitzeko, eta ordainketa tailerrean bertan egin behar dela adierazi dute Eskoriatzako Gazteria Saileko ordezkariek. Izen-emateek plaza kopurua gainditzen badute, zozketa egingo da partaideak hautatzeko, eta posta elektronikoz jakinaraziko dira emaitzak.