Hamalaugarren urtez Kinttaden Eguna

Imanol Beloki Unamuno 2025ko ots. 7a, 15:30

2023an egindako Kinttaden Egunean, Manuel Muñoz kiroldegian bederatzi kintada batu ziren.

Eskoriatzarrek zapatuan ospatuko dute Santa Ageda neska-mutilei festa giroa areagotzeko aitzakian sortutako Kinttaden Eguna. Kiroldegiko herri bazkariaz gain, elkarte gastronomikoetan, jatetxeetan eta tabernetan ere izango dira bazkariak.

Eguna Eskoriatzan, eta urte berean jaiotako eskoriatzarrek elkartzeko aitzakia izango dute, beste urte batez. 18 urte beteta edo betetzear zeuden herritarrei, hau da, Santa Ageda neska-mutilei, parranda egun batean bidelagun izateko eta herriko giroa indartzeko asmoz sortua, mantendu egin da festa eguna denboraren poderioz, eta Kinttaden Eguna ondo errotuta dago herrian gaur egun. Hamalaugarren edizioa izango da aurtengoa, eta herritarren festa gustukoenetako bat da, duda barik; herritik sortuta, herriarentzat egindakoa.

Bazkaria, kalejira eta DJak

Zapatu eguerdian poteoa egin, eta kintada bakoitza bere adinekoekin bazkaltzera joango da. Horietako asko, azken hiru urteetan moduan, Itzartu Gazte Asanbladak Manuel Muñoz kiroldegian antolatutako herri bazkarira joango dira, 15:00etan. Adin askotariko 400 lagun inguru batuko dira bertan bazkaltzeko, eta, bapo jan ostean, 17:30ean, Elgoibarko Patxangoi elektrotxarangak lagunduta, kalejiran Fernando Eskoriatza plaza aldera joango dira herritarrak, kiroldegitik hasita; 22:00etan, berriz, DJ Txola Ta Potxola arituko dira Fernando Eskoriatza plaza musikaz girotzen.

Prestaketa, auzolanean

Otsailaren 8an Manuel Muñozen egingo den herri bazkariko prestaketa eta jasotzea auzolanean egingo dute. Hala, 11:00etarako, kintada bakoitzeko arduradun batzuek mahaiak eta aulkiak jartzera joan beharko dute kiroldegira, azken hiru edizioetan egin moduan.

Itzartu Gazte Asanbladako antolatzaileen arabera, kintadako hamar pertsonatik bakarra badoa nahikoa izango da: "Hogei lagun baldin bazarete kintadetan, bi lagunek joan beharko dute; 26 pertsona izanda, berriz, hiru pertsona bezala kontatuko da… Kintada bakoitzak adostu ditzala arduradunak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak