2007an jaiotako eskoriatzarren txanda izango da aurten Santa Ageda neska-mutil aritzeko. 49 lagun dira urte hartan jaiotakoak, eta prest daude kantu-eskean aritzeko, dantza egiteko eta festarako.
Egitaraua zehaztuta dago
Datorren martitzenean, otsailaren 4an, baserriz baserri arituko dira kantu-eskean. Eguaztenean, otsailaren 5ean, berriz, ikastetxeetara joango dira, eta, Santa Ageda Eguna izanda, arratsaldeko zazpietan dantzak egingo dituzte, Fernando Eskoriatza plazan, bertaratzen diren herritar guztien aurrean. Lehenengo saioaren ondoren, otsailaren 9an, domekan, berriz egingo dituzte dantzak jendaurrean. Tartean, otsailaren 8an, Kinttaden Egunean bazkaria egingo dute 2007an jaiotako herritarrek; hain zuzen ere, Itzartu Gazte Asanbladako kideek antolatutako Manuel Muñoz kiroldegian egingo den herri bazkarira batuko dira, herriko beste hainbat kintadarekin batera.
Entsegu ugari egin dituzte
Herritar guztien aurrean dantzak egiteko entseguekin buru-belarri izan dira iaztik, eta esperientzia aberasgarria izaten ari dela nabarmendu du 2007an jaiotako Itziar Bengoa eskoriatzarrak. "Abenduaren 23an eta 26an eta urtarrilaren 3an eta 5ean egin genituen lehenengo entseguak, eta, haien ostean, astelehenetan eta eguenetan batu gara entseguak egiteko. Maider Otamendi eta Aiora Diaz de Gereñu eskoriatzarrak aritu dira irakasle, eta, azken hiru entseguak txistulariekin eginda, azken bi entseguak frontoian egingo ditugu, espazio handiagora ohitzeko".