Hamar zuhaitz landatuko dituzte Santa Marinan

Imanol Beloki Unamuno 2025ko urt. 23a, 16:57

Torrebaso industrialdean iaz egin zuten zuhaitz landaketa.

2024an, hemeretzi haur jaio ziren Eskoriatzan, eta, ohiturari jarraituz, jaiotako haurren izenean zuhaitz landaketa egingo dute. este edizio batzuetan haur bakoitzeko zuhaitz bat landatu duten arren, aurten hamar zuhaitz landatuko dituzte.

Domekan, Eskoriatzako Udalak antolatuta, Ibarraundi museoan batuko dira, 11:00etan, zuhaitzak landatuko dituzten familiak. Zuhaitz Egunean parte hartzeko gonbidapena iaz jaiotako haurren gurasoei, euren familiei eta gertukoei egin diete, urtero moduan, eta mota askotako zuhaitzak landatzera joango dira.

Argibideak jaso eta lanera

Urtero moduan, landatze-eremura abiatuko dira Ibarraundi museotik, eta, bertara iristean, udal arduradunek, zuhaitzak non landatu behar dituzten esateaz batera, zenbait argibide emango dizkiete bertaratuei, landaketa ondo egiteko. Zuloak egin, zuhaitzak sartu eta zulo horiek lurrez tapatu ostean, argazkiak ateratzeko aprobetxatuko dute familiek, oroitzapen gisa. Ekitaldiaren amaieran, talde-argazkia aterako dute Zuhaitz Egunean batutakoek.

Leku faltari aurre eginez

Herriguneko lursailetan lekurik ez dagoela adierazi du Eskoriatzako Udalak azken urteotan, nahiz eta iaz txoko polita topatu zuten, esaterako, Torrebasoko industrialdean, errepidearen alboko berdegunean, landaketa egiteko. Aurten, baina, duela edizio batzuk zuhaitzak landatu zituzten eremu berean egingo dute. Bertan landatu zituzten zuhaitzak ihartuta daude, eta eremu bera erabiliko dute, beraz, aurtengo ekintza egiteko; hain zuzen ere, Santa Marina plazaren eta Santa Ana aparkalekuaren arteko berdegunean arituko dira aitzurrak hartu eta jaiotako haurren izenean zuhaitzak landatzen.

"Herrigunetik kanpo, elizateetara mugitzea eta bertako lursailetan landaketa egitea ere pentsatu izan dugu hainbatetan, baina herrigunean erosoagoa da. Gurasoak haurren karroekin datoz, eta antolaketa ere samurtzen du. Elizateetan eginda, agian, ez lirateke hainbeste lagun animatuko. Hala ere, egitasmo polita da, herritarren gustukoa, eta, ahal badugu, egiten jarraituko dugu…", adierazi du Saioa Altzuak, Ibarraundi museoko langileak.

Taldeetan banatuta

Landatuko dituzten zuhaitzak askotarikoak izango dira: astigarrak, lizarrak, arteak, haritzak, ezkiak eta gurbitzak. Guztira, hamar landare prestatuko dituzte antolatzaileek egunerako. "Haur jaioberri bakoitzaren izenean zuhaitz bat egongo ez denez, multzoetan banatuta egingo dugu zuhaitz landaketa, hitzorduan batzen diren lagun kopurua kontuan hartuta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak