Manuel Muñoz kiroldegiko fitness eta kardio aretoen ekipamendua leasing bidez –alokatze eta eroste sistema mistoa– hornitu, jarri eta mantentze-lanak egiteko kontratazio-proiektua Donostiako Argysan, Fitness & Wellness enpresarekin gauzatu du Eskoriatzako Udalak, eta, asteon material guztia Manuel Muñoz kiroldegira iritsita, makineria jartzen aritu dira teknikariak.
Kostata, eremu berria prest
Aurreikusi baino denbora gehiago iraun duela prozesuak adierazi du Mikel Luengok, Eskoriatzako Udaleko Kirol zinegotziak, baina, aldi berean, "pozik" eta "gogoz" daudela Manuel Muñoz kiroldegiko hirugarren solairu berria ekipatuta ikusteko: "Hirugarren solairuko lanak iaztik eginda daude, baina lizitazioarekin arazoak izan ditugu. Egin beharrekoak atzeratu arren, gune berria prest izango dute herritarrek, eta bertan kalitate handiko ekipamendua izango dugu, kiroldegi batek izan dezakeen erabilera intentsibora egokitua, segurtasun eta eraginkortasun araudi guztiak betez. Makineria modernoa eta egungoa sartuko dugu Manuel Muñozera, hainbat trebetasun-mailatara egokitu daitekeena: hasiberriendako, baina baita maila aurreratuagoa dutenek erabil dezaten".
Hiru gunetan banatuta
Gimnasio berria hornitzeko proposamenaren helburua espazioa ondo eta erabiltzaileek eskatutako materialarekin egokitzea dela gaineratu du Mikel Luengok, Eskoriatzako Udaleko Kirol zinegotziak: "Erabiltzaileen eta egin nahi dituzten ariketa moten arabera egongo da gimnasio berria egokituta. Eremu bakoitza ondo mugatuta egongo da, erabiltzaileak alde batetik bestera lasai aritzea ahalbidetzeko, pilaketa saihesteko eta erabilgarri dagoen espazioa maximizatzeko. Hala, hiru eremu izango ditu guneak: lehenengo gunean, indar gidatuko gimnasioa, poleak eta pisu librea lantzeko makineria egongo dira; bigarren gunean, eremu funtzionala lantzeko makineria; eta hirugarren eremuan, aldiz, kardioa lantzeko gela".