2025ari ongietorria egiteko asmoz areto futboleko campusa egongo dela adierazi dute Eskoriatza Kirol Elkarteko areto futboleko saileko arduradunek. Hiru egunetan egingo da campusa, Manuel Muñoz kiroldegian, eta helburua areto futbol eskola sustatzea eta kirolera pixka bat gerturatzea dela azaldu dute antolatzaileek.
Hiru eguneko campusa
Urtarrilaren 2an, 08:30etik 09:00etara bitartean, umezaintza zerbitzua izango da, eta 09:00etatik 13:00etara bitartean egingo dute campusa. Urtarrilaren 3an, berriz, arratsaldez izango da ordutegia: 16:00etan hasi, eta 20:00ak arte egingo da campusa. Urtarrilaren 4an, aldiz, lehenengo eguneko ordutegi bera izango da; hau da, 08:30etik 09:00etara bitartean, umezaintza zerbitzua izango da, eta 09:00etatik 13:00etara bitartean egingo dute campusa.
Kirolera gerturatzeko asmoz
Eskoriatza Kirol Elkarteko areto futboleko eskola kiroleko Ion Iregi arituko da haurrei saioak ematen, eta helburua haurrak areto futbolera gerturatzea dela dio: "Gure helburua haurrei areto futbolaren gainean zenbait ikasgai ematea da. Horrekin batera, ondo pasatzea izango da oinarri nagusia, emozioak, balioak, bizitza-ohitura osasungarriak, kirola eta areto futbola bultzatzeko".
Hiru eguneko campusa
Areto futboleko eskolakoentzat zuzendutako campusaz gain, Futbarrio areto futboleko txapelketa izango da abenduaren 30an –08:30ean hasita, Manuel Muñoz kiroldegian–, Malko Junior Enpresa Elkarteak antolatuta –Oñatiko LEINN graduko bigarren mailako ikasleak–. Txapelketa adin nagusikoei zuzenduta dago, eta, izen-ematea @futbarrio.txapelketa Instagram kontuaren bitartez egin daiteke, abenduaren 27a aurretik.
Taldeak zazpi jokalariz osatuta egongo dira, gutxienez, eta zortzi taldek baino gutxiagok izena ematen badute ez da txapelketa egingo eta dirua itzuliko zaie parte-hartzaileei. Talde bakoitzak 100 euro ordaindu beharko ditu izena emateagatik.