Gabonetarako hitzordu ugari antolatu ditu Eskoriatzako Udalak, baina azpimarratzekoa izango da abenduaren 24an Olentzeroren eta Mari Domingiren iritsiera ekitaldia, 18:00etan.
Urtero izaten dira herriko haurrak Gabonetako protagonistak noiz iritsiko zain, eta, urtero moduan, iluntzean iritsiko dira, traktorean, Apotzaga elizatean behera, herrigunera, eta gero, Eskoriatzako kaleetan zehar arituko dira gozokiak banatzen. Hori, batetik, baina, unea iritsi aurretik, egunerako egitaraua zabala antolatu du Eskoriatzako Udalak.
Plazako ekitaldia
Hilaren 24an, 12:00etatik 13:00etara, Olentzeroren eta Mari Domingiren laguntzaileak izango dira Fernando Eskoriatza plazan jarritako etxolan, haurren eskutitzak jasotzen, eta, bide batez, kontu kontari aritzeko eta argazkia ateratzeko aprobetxatuko dute askok. 12:00etatik 12:30era bitartean, gainera, Gabon kantak abesteko tartea izango da, eta 13:00etan, Beheko Errota Musika Eskolako trikiti ikasleekin kalejira egingo dute. Horrekin batera, gaztaina erreak jateko aukera izango dute Fernando Eskoriatza plazara joaten direnek, Olazar Erretiratuen Elkartekoen eskutik.
"Atzo, eguena, txistor-jana egin genuen, kultura etxean. Urtero egiten dugun ekintza da, erretiratuek gustuko duguna, eta aurten 140 lagun batu gara; bertan txistor-pintxo batzuk eta patata-tortilla pintxoak izan genituen jateko. Horrekin batera, hogei opari zozketatu genituen bazkide guztien artean. Abenduaren 24rako, berriz, 50 kilo gaztaina erretzea da asmoa", adierazi du Jasone Orbegozok, Olazar Erretiratuen Elkarteko kideak.
Erretiratuen elkarteko kideek 50 kilo gaztaina erreko dituzte abenduaren 24an
Olentzero eta Mari Domingiren iritsiera, 18:00 aldera
18:00 inguruan, berriz, Olentzero eta Mari Domingi herrira iritsiko dira, traktorean. Apotzagan behera iritsiko dira, eta ongietorria egingo diete herritarrek, urtero moduan. Hala, kalez kale bira bat emango dute, eta ibilbidean gozokiak banatzen arituko dira. Bide batez, Gabon kantak abesteko tartea ere izango da.
Errege Magoak
Aurten, Errege Magoak Fernando Eskoriatza plazan izango dira, urtarrilaren 5ean, haurren gutunak jasotzen. 19:00etan izango dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, haurren zain, baina eguraldi txarra egiten badu Zaldibar antzokian egongo direla adierazi dute antolatzaileek.