Gaur, egubakoitza, piztuko dituzte Gabonetako argiak Eskoriatzan, eta urtarrilaren 6an itzungiko dituzte. Argiak jartzeko 1.500 euroko aurrekontua bideratu du Eskoriatzako Udalak, gastu moduan, herria apaintzeko. Horrekin batera, San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako bizilagunek ere jarriko dute euren alea; izan ere, auzotarrei argiak eta apaingarriak jartzeko eskaera egin, eta ekitaldia antolatu dute gaurko.
Inbertsioa ez, gastua
"Aurtengo aurrekontua iazkoaren %25 ingurukoa da. Argi batzuk Udalarenak dira eta beste batzuk alokatu egiten ditugu. 2023an, Udalaren jabetzako argi batzuk konpondu behar izan ziren eta besteren batzuk erosi egin genituen. Iazko aurrekontuaren %75 inbertsiorako bideratu zen. Gainerako %25a alokairurako erabili zen. 2024an, berriz, iazko kopuru bera alokatu dugu, baina ez dugu argirik konpondu edo erosi. Ez dugu inbertsiorik egin, dena gastua izan da", azaldu du Nerea Aranak, Eskoriatzako Udaleko Garapen Ekonomikoko teknikariak.
Herriko merkatariei laguntza
Gabonetako argiez batera, erosketa-bonuak jarri dituzte salgai jendaurrean. 1.400 bonu atera dituzte, eta, horri aurre egiteko, Udalak 14.000 euroko partida bat sortu zuen. Horietatik 1.134 bonu saldu dira. Guztira, 22 establezimenduk hartu dute parte egitasmoan, eta herritarrek 20 euroren truke 30 euro gastatzeko aukera izan dute. Komertzioa sustatzeko ekimenekin jarraituz, Euskadi Bono Denda kontsumo-bonuak ere atera dira; abenduaren 5era arte erabil daitezke. Kasu horretan, zazpi establezimenduk hartu dute parte, eta herritar bakoitzak 20 euroko bost bonu eros ditzake.
'Ongi etorri, Gabonak!'
Gaurko argien piztuerarekin batera, San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako bizilagun elkarteko kideek antolatuta zenbait ekintza izango dira, Partxis plazan. 17:00etan, haurrentzako marrazki tailerra izango da; 18:00etan, txokolate-jana; eta 19:00etan, Txipirones txaranga arituko da kaleak musikaz girotzen. Ordu berean, pintxoak jarriko dituzte salgai.
Horrekin batera, sare sozialetan azken urteotan egin moduan, leihoak eta balkoiak apaintzeko eskaera egin diete bizilagunei, eta, 20:00etatik aurrera argiak pizteko eskaera egin, Gabonak pizteko asmoz.