Telmo Jaia ospatuko dute, zapatuan, ardo dastaketari itzalik egin gabe eta batak bestearen hitzorduetan parte hartzea ahalbidetuz. Laugarren urtez antolatu dute egun osoko festa, eta aurreikuspen onekin daude antolatzaileak.
Pandemiaren testuinguruan sortu zuen lagun talde batek Telmo Jaia, eskoriatzarrak parrandan Aretxabaletara edota Arrasatera joaten zirela ikusita, herrian geratzeko eta herri-giroa pizteko aitzakiarekin. Lehenengo edizioko arrakastaren ostean, urtero azaroan egitea erabaki zuten, eta aurten ere hala egingo dute. "Aurreko edizioetan arrakasta dezente izan du. 2021ean egin genuen lehenengo aldiz, COVID-19aren ostean Eskoriatza hilda zegoelako, eta aspaldi ikusi gabeko jendearekin elkartzeko asmoz. Ematen duenez, egutegiko beste jai bat gehiago bihurtu da; izan ere, jendeak kalean motibatuta galdetzen digu ea aurten noiz izango den Telmo Jaia", azaldu dute antolatzaileek.
Gaineratu dutenez, asmoa ahalik eta jende gehien batzea da, eta beste momentu batzuetan elkartuko ez liratekeenak batzea. "Gainera, aurten ardo dastaketa egunarekin kointziditzen du, eta, horrela, arratsaldeko egitarauarekin, publiko zabalagoari hurbiltzea espero dugu".
Musika eta jokoak, bereziki
12:45ean, lehen txupinazoarekin ekingo diote egunari. Telmoren jaitsiera ere egongo da, eta eguneko lehenengo kontzertua 18:30ean izango da, Kontzejupean, Leire eta Dorleta eskoriatzarren eskutik. Argazki kolektiboa aterako dute 20:45ean, eta gauerako ere hitzordu ugari prestatu dituzte. 22:00etan, esaterako, Aretxabaletako Glutenbakuak taldearen kontzertua izango da, eta 23:30ean, berriz, Eskoriatzako Kremallera taldearen emanaldia izango da. Hala ere, festak goizaldera arte iraungo du, eta, horretarako, 01:00etan brindis herrikoia egingo dute, 01:20an baso-jokoa… 06:00etan egingo duten gosari herrikoira arte.