Azaroaren 8an, San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako bizilagunen elkarteko kideak bildu ziren, Ibarraundi museoan, urteko batzarra egiteko. Bertan, Udako Jaiaren, iraileko San Pedro Txiki jaien eta bestelako ekintzen balantzea egin zuten, eta aurrera begira prestatuta dituzten ekintzak ere izan zituzten hizpide; besteak beste, gaurko saioa edo Ongi etorri, Gabonak egitasmoa.
Elkartea indartu nahian
"Jardueren balantze positiboa egin genuen batzarrean. Bertan, boluntarioen lanari balioa eman zitzaion eta kontsultarako gune bat ireki genuen, informazioa eman, eskatu, ideiak partekatu eta galderak egiteko eta, bide batez, 2025erako jardueretan pentsatzeko. Elkarteari bultzada bat eman nahi diogu eta hainbat jarduera egin nahi ditugu, hala nola hitzaldiak, irteerak, ikastaroa, auzolana... Elkarteari eman nahi zaion bultzada horren aurrerapen gisa, Emakumeak enpresan izaneko mahai-ingurua izango da hurrengo hitzordua", adierazi du San Pedro eta Intxaurtxueta auzo-elkarteko kide den eta mahai-ingurua gidatuko duen Antonio Regañok.
Hiru emakume eskoriatzar
Gaur egingo duten mahai-inguruan, hainbat enpresatan arrakasta izan duten hiru emakumeren esperientziak ezagutzeko aukera izango dute Ibarraundira joaten direnek. "Hiru emakume horiek eskoriatzarrak dira, eta San Pedrokoak edo Intxaurtxuetakoak. Enpresetan izan duten esperientzia kontatuko digute, eta, euren kasuak azaltzeaz batera, enpresetako berdintasunaren ikuspegia emango digute. Gaur egun bereziki gizonenak diren lan-eremuetan sartzera animatuko dituzte emakume gazteak".
Emakume ahaldunduak
Gaur izango den hizlarietako bat Leire Zubizarreta da. Kimikan doktorea da, eta I+G lerroko arduraduna Energiaren Institutu Teknologikoan (Valentzia). Eneritz Zubizarreta, berriz, informatika-ingeniaria da, eta Software Kalitatearen Arloko zuzendaria da Izertis (Gasteiz) enpresan. Azkenik, Isuri Rivas ere informatika-ingeniaria da, eta team coach-a da Swisscom-en (Suitza).
Laugarren hizlari bat ere egotekoa zen, Maria Jara, baina ezin izango da bertan egon. Ekintzailetza eta Enpresa Berrikuntzan (LEINN) lizentziatua da Jara, eta Smallops (Don Benito, Badajoz) enpresaren sortzaileetako bat.