Liderra mendean hartzeko testuinguru ezin hobea

Julen Murua Mesonero 2024ko aza. 15a, 10:00

Eskoriatzako jokalariak, iazko denboraldian sartutako gol bat ospatzen.

Antiguoko taldea jasoko du Eskoriatzak zapatuan, 18:30ean, Manuel Muñoz kiroldegian. Sailkapenaren erdialdean dago Eskoriatzako taldea; hala, denboraldi hasieran ezarritako helburua guztiz betetzen ari dira Mikel Alkaiderenak.

Azkenengo jardunaldian Usansolo taldeari 7-8 irabazita, garaipenaren bidetik jarraitu nahi du Eskoriatzak. Mikel Alkaideren taldeak ez du partidurik galdu etxean, baina asteburuan aurkari benetan gogorra izango dute aurrean: sailkapeneko liderra den Antiguoko.

Etxean gogor

Eskoriatzak ez daki, oraingoz, zer den etxean galtzea, eta Alkaidek dio "oso pozik" dagoela taldeak egin duen liga hasierarekin eta etxean lortutako emaitzekin, denboraldia hasierako egoera kontuan hartuta: "Aurreko urtetik hona, lau jokalarik utzi dute taldea, eta oso jokalari gazteekin ordezkatu behar izan ditugu". Hala ere, "ilusio handiarekin" hasi dute denboraldia eskoriatzarrek; iazkoa "oso gogorra" izan zela aitortu du entrenatzaileak, "bai emaitzei dagokienez, baita talde barruko giroagatik ere", eta aurten ezarri duten helburuetako bat izan da "talde barruan ahalik eta giro onena izatea", bazekitelako "oso talde gaztea" izango zutela.

Aurtengo helburua

Taldeak izan dituen aldaketak kontuan izanda, hasierako helburua maila mantentzea dela argi du Alkaidek: "Iaztik, guztiz aldatu da helburua. Aurreko urteetan goiko postuetan egon nahi genuen, baina, gaur egungo egoera ikusita, jokalariei esan genien helburuak mailari eustea izan behar duela, nahiz eta gauzak aldatu egin daitezkeen".

Gainontzeko neurketak

Hirugarren Mailan, Mondratek Donipariren bisita jasoko du, Musakolan, zapatuan, 17:30ean. Garaipena lortuz gero Pasai Donibaneko taldea aurreratuko lukete Aitor Cortizasenek. Gipuzkoako Lehenengo Mailan, berriz, Coinbroker Aloñak Makax taldearen kantxan jokatuko du, seigarren garaipena lortu eta lider jarraitzeko helburuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak