Mikel Alkaide: "Klubak duen balio handiena zaleak dira"

Imanol Beloki Unamuno 2024ko aza. 8a, 15:17

Mikel Alkaide, Maila Nazionaleko Hirugarren Mailako Eskoriatza areto futbol taldeko entrenatzailea.

Laugarren denboraldiari ekin dio Mikel Alkaidek Eskoriatza areto futbol taldearen gidaritzapean, eta taldekideen arteko "giro onak" emaitza onak ekarriko dituela uste du.

Bi garaipen, hiru porrot eta berdinketa bat lortuta hasi dute denboraldia Mikel Alkaideren (Eskoriatza, 1993) mutilek. Maila Nazionaleko Hirugarren Maila hasi bakarrik egin dute, eta, denboraldia luzea bada ere, puntuak batzen segitu nahi dute eskoriatzarrek, denboraldi hasieran ezarri dituzten helburuak betetzeko.

Zelan hasi duzue denboraldi berria?

Aurreikusten genuen moduan hasi gara. Zenbait baja izan ditugu; izan ere, lau jokalarik taldea utzi dute eta bigarren taldetik lehenengora igo ditugunak zein etorri diren jokalari berriak gazteak dira. Beteranoen presentzia falta da, eta, egia esan, hasiera gogorra izan da; lesioak ere izan ditugu tarteko, gainera. Adibide bat jartzearren: Guztira hamahiru jokalari eta hiru atezain ditugu taldean, eta azken partiduan sei jokalari eta bi atezain izan genituen.

Hala ere, sailkapenean erdialdean zaudete.

Etxean ez dugu partidurik galdu, eta hori oso garrantzitsua da. Etxetik kanpo galdu arren, oso pozik nago taldearekin, panorama ikusita; baina, batez ere, dagoen giroarekin nago pozik eta ilusioz. Izan ere, iaz, denboraldiaren hasieran giro txarra egon zen, arazo dezente, eta asko sufritu nuen. Irabazitakoaren sekretua hori izan dela uste dut, taldearen batura.

Talde-giro ona aipatu duzu; harmailetan, berriz, ze giro dago?

Izugarria da; klubak duen baliotsuena da une honetan. Partidu guztietan bete egiten dira harmailak; agian, 300 pertsona batuko dira. Eta ez etxean bakarrik. Kanpoan jokatu ditugun zenbait partidutara autoz joan gara klubeko Narciso Pavo, Adrain Garnateo eta hirurok, zaleei lekua uztearren autobusean. Horrez gain, Mondrateren aurkako derbietan hazi egiten da zale kopurua; urteko hitzordurik gustukoena izaten da eta Arrasaten eta Eskoriatzan izaten den giroa sekulakoa izaten da. Bete-beteta izaten dira harmailak.

Zein da helburua?

Sailkapeneko goiko postuak ez ditugu begiz jota. Mailari eustea da asmoa, baina; hitz egingo dugu hemendik bi hilabetera... Agian, helburua aldatuko dugu… Ea horrela den. Iaz, play-off-etarako sailkatu ginen, eta aurten, berriz, ez dago halakorik: taldea zuzenean igo daiteke mailaz; ikusiko dugu…

Taldearen gidari gisa eta maila onean, gainera, hainbat urtez, ezta?

Hala da; Eskoriatzako areto futboleko lehen taldeko entrenatzailea Iker Molina zela igo zen taldea Hirugarren Maila Nazionalera, eta, bertan bi urtez izan ostean, entrenatzaile jarri nindutenetik lau urte daramatzat.

Azken mezurik?

Jokalariek badakite mezua zein den; bide onetik goaz. Zaleei, berriz, eskerrak ematea. Izan ere, harmailak betetzeaz batera, animoak ematen izaten dira une oro, eta, horrekin batera, partidu onak eta politak jokatzen saiatuko garela esan dezaket.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak