Zubiste baserriko lanak, dokumental baten jasota

Imanol Beloki Unamuno 2024ko aza. 8a, 08:00

Ines Oyanguren eta Aritz Zugasti –amona eta biloba– ortuan lanean, 'Amaiur' dokumentalean.

Sergio Azkarate zuzendari gasteiztarrak zuzendutako Amaiur dokumentala gaur, egubakoitza estreinatuko da, 18:30ean, Zaldibar antzokian. Ines Oyanguren, Jesus Zugasti, Aitziber Zufiria eta Aritz eta Maialen Zugasti eskoriatzarrak dira lanaren parte.

Iaz, urte osoa grabatzen aritu ostean, Eskoriatzako Bolibar elizatean dagoen Zubiste baserrian bizi diren eskoriatzarrek Sergio Azkarate zinemagile gasteiztarrak zuzendu duen eta Irati Lekuek ekoiztu duen Amaiur dokumentala ikusi ahal izango dute, baita interesa duten herritarrek ere; izan ere, gaur, egubakoitza, 18:30ean estreinatuko da lana, Zaldibar antzokian.

Amonaren gomendioa jarraituz

"Ametza Films ekoiztetxeko Sergio Azkarate zuzendariaren amona eskoriatzarra da, eta mendiarekin, baserriarekin, kirolarekin eta naturarekin erlazionatzeko moduak batu nahi zituen ikus-entzunezko batean. Hala, haren amonari galdetu eta gure baserria aipatuta, bertara etorri zen proposamenarekin, eta guk baiezkoa eman genion", adierazi du Aritz Zugastik, Bolibarko Zubiste baserriko eskoriatzarrak eta dokumentaleko protagonistetako batek.

Zubiste baserriko lanak grabatzeaz batera, eskalatzaile batzuk eta Gorbeiako aterpetxeko arduradunak ere grabatzen izan da zuzendari gasteiztarra. Guztien baturatik sortu du Amaiur dokumentala, hainbat ikuspegitatik ezagutzeko euskal kulturak mendiarekin duen harremana eta bizitzaz beteriko natura, besteak beste.

Auzolanean, belar-fardoak egiten Zubiste baserrian.

Ekintzak grabatzen

"Ardiekin eta behorrekin mendian aritu garenean grabatu gaitu, baita ira moztera joan garenean ere. Etxe inguruko lanak egin ditugunean ere bertan izan da; sasiak eta belarra mozten aritu garenean, oiloei jaten ematen… 83 urte dituen nire amona ere grabatu du ortuan lanean, eta fardotan aritu garenean, etxekoez gain, laguntzen izan direnak ere grabatu ditu. Emaitza ikusi dugu etxekook dagoeneko eta oso polita iruditu zaigu. Urte osoko lana dago atzean, eta pozik gaude egindakoarekin, baita emaitzarekin ere".

Aritz Zugasti ira batzen.

Aritz Zugasti eskoriatzarra mendian.

Gordetzeko lana

Grabaketetan, batez ere, Ines Oyanguren –amona– eta Aritz Zugasti –biloba– grabatu dituztela azaldu du Zugastik, eta oroitzapen ederra gordeko dutela azpimarratu du. "Baserriko lanen bat egin behar genuenean, mikrofonoa jarri eta grabatu egiten gintuen; grabaketa geratu gabe, esaten genuen guztia gordetzen zuen. Gero, material osotik hark egin du aukeraketa. Esperientzia polita izan da, baina, batez ere, nire amonarekin batera dokumental baten agertzeak hunkitu egiten nau".

Zubiste baserrikoei grabatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak