Ibilbide luzea hamabi kilometrokoa izango da; 09:00etan Fernando Eskoriatza plazatik irtenda, Atxorrotx mendia igo, Uxar zeharkatu, Gatz Bidera jaitsi eta Mazmela elizatean amaituko da bidea. Ibilbide motza, berriz, sei kilometrokoa izango da; 10:30ean Fernando Eskoriatza plazan hasita, Mazmelara joango dira, Bidebarrietatik. 12:00etan, berriz, parte-hartzaile guztiek batera talde-argazkia aterako dute Mazmelan.
Salatzea helburu
Urriaren 26an, Marixol Iparragirre preso eskoriatzarrak kartzelan daramatzan hogei urteak salatzeko manifestazioa egin zuten Donostian, Antiguako Txilardegi plazan hasita, eta orain Eskoriatzan mendi martxa egitea erabaki dute: "2024ko urriaren 3an Marixol Iparragirrek hogei urte bete ditu espetxean. Euskal presoen, erbesteratuen eta deportatuen egoerari behin betiko konponbidea emateko premia azpimarratu nahi dugu. Elkarbizitzan aitzina egiteko ezinbestekoa dela uste dugu. Gatazka luze honen beste ondorio batzuek oinazea eta bidegabekeria eragiten dute oraindik ere. Ordua da! Behin betiko: konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren unea da! Marixol etxean nahi dugu".