Gaba Baltza haurren jai izatetik herritarren festa bihurtzeko ahaleginean

Imanol Beloki Unamuno 2024ko urriaren 31

Iaz, beldur-harrapakaria kalera irteteko prest.

Kalabazak hustu, kandelak piztu eta ohitura zaharrak berreskuratuz, Gaba Baltza ospatuko dute gaur Eskoriatzan. Beldurrak uxatuko dituzte, eta, iluntasunak sortzen duen zirrarak beldur-jolasetan jarduteko ilusioa pizten duenez, horretan murgilduko dira eskoriatzarrak.

Erritu zaharrak berpiztu baino gehiago, berriak sortzen ari dira Eskoriatzan, bizipenak asko aldatu direla argudiatuta. Hala, iaz bezala, Eskoriatzako beldur-harrapakariak haurren eta helduen beldurrak batzen izango direla adierazi dute antolatzaileek.

Egitarau betea

Goizean zehar herriko ikastetxeek Fernando Eskoriatza plaza apainduko dute azken asteetan egin dituzten apaingarriekin. Eta arratsalde osoan gaztaina-erreak egongo dira plazan. 17:30ean hasiko da ginkana, makillaje-txokoa jarriko dute, baita eskea ere. 19:00etan hasiko da ekitaldi nagusia, eta, amaitzeko, zezensuzkoa egongo da.

Beldurrak sutara

"Iaz sortu genuen beldur-harrapakarien figura, eta aurten gorpuztu eta sendotu egin nahi dugu. Hala, umeentzako ginkana-jokoa eta eskea mantentzen bada ere, 19:00etan Fernando Eskoriatza plazan egingo den ekitaldia berezia izango dela uste dugu", adierazi dute Eskoriatzako Udaleko ordezkariek.

Guztira lau beldur-harrapakari egongo direla jakinarazi dute, eta haurrek nahiz helduek paperean idatzi edo margotuko dituzten beldurrak batu eta sutan erretzeko ardura izango dute, Beldurrak erre, iluntasuna bizi lelopean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak