Urriko ohiko osoko bilkuran, ordenantza fiskalak eta zerbitzu publikoak eskaini eta jarduera administratiboak burutzeagatik ordaindu beharreko tasak %2 igotzea erabaki du Eskoriatzako udalbatzak, aurtengo kontsumo prezioen indizeak izandako igoera orokorraren azpitik aplikatuta. Igoera horretatik salbuetsita geldituko dira zenbait tasa, kiroldegiko tarifak, etxebizitzarako lizentziak, industria zerbitzuetarako lizentziak, udal ondasunak erabiltzeagatik kobratzen diren tasak eta jarduera edo ekitaldi soziokulturaletako prezioak. Horien prezioak mantendu egingo dituzte.
Igoera, legea betetzeko
Tasen artean igoera nabarmena izango duenetako bat hiri hondakinak biltzeko zerbitzua izango da: %39ko igoera izango du, Europak ezarritako legea bete ahal izateko. Legeak dio zerbitzu hori ezin dela defizitarioa izan; horregatik, nahitaez igo beharko dela tasa hau azaldu dute Eskoriatzako EH Bilduko Udal Gobernuko kideek. Horren baitan, EAJk aurka bozkatu zuen urriko osoko bilkuran.
Eskoriatzako EH Bilduko bozeramaileak, Xabi Uriartek, honela azaldu du hiri hondakinak biltzeko zerbitzuak izango duen igoera: "Europatik adierazi dute hondakinen zerbitzua ezin dela defizitarioa izan; beraz, herritarren gain jausi da gastu hori. Ez dugu jeltzaleen ezezkoa ulertzen, hondakinen tasak ez igotzeak legea ez betetzea ekarriko lukeelako". Gaineratu duenez, "125.000 euro daude ordaintzeko Eskoriatzan, eta lehen, bi zatitan egiten zen ordainketa; orain, hiru hilean behin egingo dugu. Hau da, lau zatitan kobratuko da, ordaintzeko zailtasunak dituzten herritarrak daudela kontuan hartuta".
Zerga eta tasen %2ko igoera orokorra onartu dute Eskoriatzako udalbatzako kideek
Oposizioaren aurkako botoa
"Ezetz bozkatu dugu, Bilduren proposamena ez zaigulako ondo iruditu; batez ere, zaborren tasaren igoera dela-eta", adierazi du, bestalde, Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako EAJko bozeramaileak: "Eman duten arrazoia da lege berriak horrela eskatzen duela, eta guk ez dugu uste horrela denik. Legeak ez du esaten %39 igo behar dela zaborraren tasa. Lege berriak bi gauza esaten ditu: zerbitzu publikoa ezin dela defizitarioa izan, batetik, eta, beste aldetik, gehien kutsatzen duenak gehiago ordaindu beharko lukeela".
EH Bilduren proposamenarekin hori ez dela lortzen uste du Eskoriatzako EAJk, eta bide errazena hartu duela dio. "Zerbitzuaren kostua jaitsi egin beharko genuke. Batetik, bilketa dugu, eta hondakinen kudeaketa. Mankomunitatean atez ateko sistema dugu, eta oso garestia da; gure herrietan sistema hori ez balitz egongo, orokorrean, %6-8 jaitsi ahal izango litzateke. Beste aldetik, hondakinen tratamenduari dagokionez, geroz eta zabor gutxiago sortuz gero, gutxiago ordaindu beharko da. EH Bilduk azkenengo urtean ez du ezer egin sortzen den zabor kopurua jaisteko. Gainera, Eskoriatzan bilketa selektiboa %7 inguru jaitsi da. Hori guztia egin ez denez, tasak izugarri igo dituzte. Uste dugu neurriak eta programak martxan jarri behar direla sortzen den zaborraren kopurua jaisteko. Horrez gain, gehiegi sortzen duenak gehiago ordaindu behar duela ere ez da betetzen; proportzionala izan beharko litzatekeela uste dugu", azaldu du, bestalde, Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako EAJko bozeramaileak.
Irtenbidea jasotzeko prest
Bilkuran, EH Bilduko bozeramaileak proposamenak batzordera eramateko eskatu zion Ezkurdiari, eta haiek entzuteko eta irtenbideak bilatzeko prest daudela adierazi zuen.