Kaleko musika topaketa egin zuten atzo Eskoriatzan. Urtebete da herrian Ad Libitum txaranda sortu zela eta ospatzeko zein ikasten jarraitzeko Haixe Bolada topaketa antolatu dute. Aguraingo banda eta Zumaiako Zumai txarangako kideak gonbidatu dituzte eta denen artean –60 bat lagun– musikaz bete zituzten Eskoriatzako makina bat txoko.
Lehenengo kalejira Ad Libitum txarangak egin zuen 10:00etan. Eguerdiko poteoa Aguraingo bandak girotu zuen eta bazkalosteko tartea Zumai txarangak. "Egia esan, oso gustura gaude Haixe Boladak emandakoarekin. Eguraldiak ez du lagundu eta aterpe bila ibili ginen –batez ere goizean eta eguerdian– baina jarritako helburuak bete ditugu; elkar ezagutzea, elkarrengandik ikastea eta elkarrekin ondo pasatzea", esan du Ad Libitum taldeko Jokin Merinok. Iluntzeko saioa esker onagokoa izan zen; izan ere, atertu eta herritar kuadrilla polita elkartu zen txarangaren atzetik dantzan ibiltzeko. "Hiru taldeek batera pare bat pieza jotzeko aukera izan genuen, eta polita izan zen", esan du Merinok.
Elkarrengandik ikasten
Gaztea da Ad Libitum txaranga eta interesgarriak izan dira atzoko egunean ikasitakoak. Herrian egindako kalejirez gain, Dorleta elkartean bazkaldu zuten hiru taldeek elkarrekin eta aukera ezin hobea izan zen informazioa trukatzeko eta egiteko moduen inguruan jarduteko. "Beste esperientzia batzuk ikusteko eta ezagutzeko aukera izan dugu, eta gauza asko aipatu ditugu gure artean: konponketa musikalak nola egiten ditugun, zein instrumenturekin osatzen dugun taldea, nola komunikatzen garen gure artean kantuan hasi, amaitu edo aldaketak egiteko... Txikikeriak dirudite, baina oso garrantzitsuak dira".