Eskoriatzako Ad Libitum txaranga musika kalera ateratzeko helburuarekin sortu zen duela urtebete, eta hori bultzatzeko antolatu dute Haixe Bolada kaleko musika topaketa. Jai giroa herriz herri sustatzen diharduen bertako musikari taldearekin batera Aguraingo banda izango da Eskoriatzan, baita Zumaiako Zumai txaranga ere.
Egun osoko topaketa
Zapatu honetarako egitaraua honako hau izango da: 10:00etan, Ad Libitum txarangaren kalejira hasiko da; 12:30ean, berriz, Aguraingo musika bandak ekingo dio kalejirari, poteo musikatua eginez; eta, amaitzeko, 18:30ean, Zumai txarangaren emanaldia izango da. Jaia antolatzeko tabernen laguntza eskertu dute antolatzaileek.
"Aguraingo taldea banda bat izan arren kalean ere jotzen duen taldea da, ohitura daukate, eta pentsatu dugu euren eredua ikustea ondo legokeela, zerbait ezberdina delako. Gure oinarrietan ere hala dugu jasota: musika kalera ateratzea eta baita estilo ezberdinak jorratzea ere; beraz, haiek gonbidatu aproposak dira. Haiekin batera Zumai txarangakoak izango ditugu gurekin. Zumaiatik datorren txaranga taldea kaleko estiloa jotzen duen txaranga bat da, eta giro ederra jarriko dutelakoan gaude. Bi taldeak esperientziadunak dira eta, giro ona sortzeaz batera, haiengandik ikasteko aukera izango dugulakoan gaude", adierazi du Iñigo Beitiak, Eskoriatzako Ad Libitum txarangako kideak.
Eredu berrietatik ikasteko
Horixe da Ad Libitum txarangako kideek topaketa hori antolatzearen helburua: "Eredu berrietatik ikasi nahi dugu, eta musika herrira ekarri, gainontzeko taldeek egiten dutena ikusteko eta ikasteko". Horrez gain, musika kalera ateratzea ere garrantzitsua dela adierazi dute taldekideek, eta zapatu honetan Eskoriatzan 60 musikari inguru izango direla adierazi du Beitiak. "Aguraindik 30 laguneko taldea izango dela aurreikusten dugu, eta Eskoriatza eta Zumaiako taldekoak batuta hogeita hamar izango gara; hamabost musikari inguru talde bakoitzean".