Egubakoitzean, patinetan ibiltzen ikasteko aukera izango dute 8 eta 11 urte bitarteko haurrek Luis Ezeizako kantxan, eta, eguraldi txarra bada, frontoian egingo dute saioa. Bi ordutegi izango dira aukeran, 16:45 edo 18:00ak, eta ezinbestekoa izango da patinak eramatea.
Urriaren 19an erreka garbiketa
Zapaturako, berriz, erreka garbiketa dago deituta Debagoienean (Ikus Goiena Aldizkarian bosgarren orria), baita Eskoriatzan ere. Parte-hartzaileak 11:00etan elkartuko dira Fernando Eskoriatza plazan, eta batzen den jende kopuruaren arabera errekako eremu ezberdinetan banatuko dira. Batez ere, Santa Ana auzotik bibliotekarainoko zatian arituko dira garbiketa egiten. Horrekin batera, gaztelekutik, 11:30ean estoldak apaintzera aterako dira, eta sentsibilizazio mezuak marraztuko dituzte grafiti bidez.
Hitzaldia eta orientazio jolasa
Urriaren 23an, berriz, Lurzoruaren garrantzia hitzaldia izango da, 18:30ean, Zaldibar antzokian. Lurzoruaren garrantziaz arituko da berbetan Jakoba Errekondo. Urriaren 26an, berriz, orientazioa familian egingo da, 10:30ean, Ibarraundi museotik abiatuta. Mapa eta iparrorratza lagun, ibilbide bat egin beharko dute partaideek, begiralearen azalpenak jarraituz.