Iritsi dira ehiztariak euren eskopetak puntuan jarri, hamaiketakoa prestatu eta mendira ehizatzera joateko egunak. Punteriaz gain, zortea beharko dute bidelagun, eta, jakiterik ez dagoen arren, aurten uso-pasea egongo dela uste dute Eskoriatzako Aldaype ehiza eta arrantza elkarteko kideek.
Hori horrela, Aldaype elkartearen lokalean, Intxaurtxuetako bederatzigarren atarian egin zuten ehiza postuen zozketa joan den egubakoitzean, eta, oraindik jende askorik animatu ez den arren, datorren astetik aurrera parte-hartze handiagoa aurreikusten dute Eskoriatzako Aldaype ehiza eta arrantza elkarteko juntako kideek.
Bi postu gehiago
Urtero moduan, ehiztariek bi lineatako postuak lortu ahal izango dituzte eguaztenetako zozketetan: lehenengo linean 91 postu daude –Lete, Apotzaga eta Marin–; eta bigarrenean, berriz, 76 –parke naturala, Alabita eta Aranguren–. "Iaz bi ehiza postu berri egin ziren eta aurten ere beste bi berri egin ditugu. Batez ere, jende helduagoak gertutasuna nahi du, eta, urteotan izan dugu eskaera bera.
Iaz, Apotzaga inguruan egin genituen bi postu berri eta aurten, berriz, Lete inguruan, Torrebaso aldera egin ditugu", adierazi du Andoni Etxenausiak, Aldaypeko juntako kideak.
Zozketak eguaztenetan
Gaineratu duenez, ehiza denboraldirako ateak ireki berri dituzte, baina lehenengo zozketara dozena bat lagun inguru soilik joan ziren. "Normalean, Pilarika Egunetik [urriaren 12a] aurrera hastea gustatzen zaie Eskoriatzako ehiztariei. Lehenengo zozketa egubakoitz batean egin dugu, astebururako postuak zehazteko, baina, azken urteotan moduan, eguaztenetan izango dira zozketak". Hau da, Intxaurtxuetako bederatzigarren atarian 18:00etatik 20:00etara izango dira zozketak, eguaztenetan bakarrik, eta 20:00etatik 20:30era bitartean adieraziko dituzte adjudikazioak. Lehen ez bezala, egun bakarrean aste barruko postuen berri emango da, baita asteburukoena ere. Azaroaren 17ra bitartean astero egingo dira zozketak.