Haur eta gazteentzako 231 liburu aztertu ditu Huhezik

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urr. 8a, 15:49

Haur bat irakurtzen.

Liburuak gomendagarritasunaren eta adinaren arabera banatuta dituen irakur-gida bat da, 1990az geroztik argitaratzen duena Mondragon Unibertsitateak.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak haur eta gazteentzako 231 liburu aztertu ditu, iaz argitaratutakoak eta euskarazkoak, eta 2023ko Haur eta gazte literatura irakur gida osatu du, hiru kategoriatan banatuta: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Horretarako, hizkuntzaren erabilera, literatura-kalitatea eta gaien tratamendua aztertu dituzte, besteak beste.

Zortzi erakundeetako hamalau profesional –liburuzainak eta irakasle adituak– aritu dira gida ontzen, liburuak irakurrita eta aztertuta: Aramaioko Udal Liburutegia, Bergarako Udal Liburutegia, Eskoriatzako Udal Liburutegia, Legazpiko Udal Liburutegia, Oñatiko Udal Liburutegia, Aretxabaletako Kurtzebarri Eskola, Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskola eta Mondragon Unibertsitatea. Koordinazioari dagokionez, MUko Mari Karmen Apraizen ardura izan da, eta gidaren azala Maddi Martinek egin du, Ikus-Entzunezko Komunikazioko ikasleak.

Adinaren banaketa

Liburuak irakurri eta aztertu ondoren, gutxi gorabeherako adina ezarri diete, egileek ohartarazi duten arren "orientagarria" dela: "Erritmoak, haurren zaletasunak eta abar sailkaezinak dira. Gure ustez, haurrek liburuak askatasunez aukeratzea oinarrizkoa da, eta irakurzaletasuna sortzeko, berriz, funtsezkoa".

Mondragon Unibertsitatea 1990ean hasi zen haur eta gazteentzako liburuen gidak kaleratzen, udal-liburuetako liburuzainen eta zenbait ikastetxeetako irakasleen laguntzarekin, eta sarean daude 2001etik aurrerako zenbakiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak