11:30ean meza nagusia izan zuten San Pedro elizan, irteeran txistulariak izan zituzten zain, eta 14:00etan hasi zen bazkaria Joseba Iñurrategi pilotalekuan.
Nagusienei lore-sorta eta txapela
Bazkalostean, bazkarira joandako emakume eta gizonezko nagusienak omendu zituzten: Maria Melgar Vivas, 93 urteko emakumea, eta Jose Mari Romaratezabala Badiola, aste honetan 92 urte beteko dituen gizonezkoa. Bertaratutakoen txalo zaparradaren artean Mariari lore sorta eder bat eman zion Edorta Zubizarreta alkateak, eta Jose Mariri, berriz, txapela jarri Dorleta Sologaistoa zinegotziak.
Omenduekin jarraitzeko, bere garaian jubilatuen omenaldia egiten hasi zirenei arrosa bana eman zitzaien eta baita azken urteetan zerbitzari lanetan egon direnei ere, beraien laguntzagatik eskerrak emateko. Ondoren, herriko denda, taberna, banketxe, enpresa, eta udalak emandako opariak banatu zituzten erretiratuen elkarteko kideek. Jaiarekin bukatzeko, musika jarrita, dantza egiteko tartea hartu zuten bertaratuek.
Azkenik, aipamen berezia egin zieten Olazar jubilatuen juntako kideei, eta Udalaren izenean, "eskerrik beroenak urte hauetan lanean jardun duten boluntario guztiei!".
Argazki-bilduma bideoan
Egunerako, zenbait urtetan egon diren omenaldietako argazki-bilduma ere egin dute bideo moduan.