Asteburuan San Migel jaiak ospatuko dituzte Eskoriatzako Bolibar elizatean. Modu xumean bada ere, duela urte gutxi berpiztutako jaiei segida eman nahi diete auzotarrek.
Hori horrela, gaur, egubakoitza, barra ireki eta 17:00etan ekingo diete Bolibar elizateko jaiei, haurren eta nerabeen binakako eskupilota txapelketarekin. Zapatuan, berriz, 10:30ean diana izango da, eta, 11:00etan haurren eta nerabeen binakako eskupilota txapelketako finalak jokatu ostean, haurrentzako herri kirolak izango dira. Amaitutakoan, helduek jokatuko dituzte pilota partiduak. Bazkaria ere egingo dute, eta arratsaldean, 15:00etan haurrentzako ginkana egin ostean, 16:00etatik 18:00etara bitartean erromeria izango da, 18:00etan txapel jaurtiketa eta, egunari amaiera emateko, Andoni Moto DJa arituko da Bolibar musikaz girotzen. Domekan, berriz, 12:00etan San Migel meza izango da Bolibarko elizan, eta luntxa ere izango da bertaratzen direnentzat.