Elorretako jaiak indartuta datoz; musika da nagusi

Imanol Beloki Unamuno 2024ko ira. 27a, 09:09

Kremallera taldea, San Pedro jaietan emandako kontzertuan.

Duela hiru urte hasi ziren antolatzen Elorreta auzoko jaiak, eta lehenengo urtetik goian jarri izan dute jaien listoia bertako programa aurkezterakoan. Aurten ere, bide horri segika, egun osoko egitarau betea prestatu dute zapatu honetarako

Auzo berri samarra da Eskoriatzako Elorreta auzoa, baina bertan bizi direnak gogoz daude auzoa indartzeko eta bertako jaiek merezi duten indarra hartzeko. Hori horrela, lan horretan aritu da egitaraua antolatzen Ekain Heriz eskoriatzarra: "Pozik gaude Elorreta auzoko jaien hirugarren edizio honetan prestatu dugun egitarauarekin, eta bertan izango garenon zein herrigunetik eta beste herri batzuetatik datozenen gustukoa izatea da asmoa. Eta, nola ez, ondo pasatzea ere bada jai hauen helburua".

Orotariko ekintzak

Iaz auzoa bera ezagutzeko Elorretako errota bisitatu zuen herriko taldetxo batek, eta aurten, berriz, auzuneko inguruak ezagutuko dituzte. Izan ere, Elorretako haitzera joateko hitzordua egin dute, 08:30erako. "Mendian aritzea sustatzeko eta gure bazterrak ezagutzeko asmoz antolatu dugu irteera. Ondoren, haurrentzako jolasak izango ditugu, eta txosna 12:00etan irekiko dugu. Bazkaltzeko, berriz, 50-60 pertsona batzea aurreikusten dugu, eta ondoren musikaz alaituko ditugu auzoko festak: trikitilariak, Asier Sala eta Edu Zardoyaren emanaldi akustikoa, Zatekeen erromeria eta punkrock kontzertuak izango ditugu. Egitarau betea dela esango nuke, eta herritarrak animatuko nituzke Elorreta auzoko ekintzetan parte hartzera", adierazi du Ekain Herizek.

Egitaraua

• 08:15 Diana Elorreta auzoan.

• 08:30 Elorretako haitzera txangoa.

• 12:30 Haurrentzako jolasak.

• 12:30 Ardo dastaketa, txistor-pintxoekin lagunduta.

• 15:00 Bazkaria.

• 16:30 Trikitilariak.

• 17:00 Kontzertua: Asier Sala eta Edu Zardoya.

• 19:00 Zatekeen erromeria.

• 21:00 Kontzertuak: 3 Kuervos, Kremallera eta No Somos Cicatriz.

Punk-rock emanaldiak

Kremallera, 3 Kuervos, eta No Somos Cicatriz taldeak izango dira Elorreta auzoko jaien egitaraua musikaz itxiko dutenak. Kremallera taldeak ekainean eman zuen kontzertua San Pedro jaien egitarauaren barruan txosnagunean, eta taldea osatzen duten Aitor Arroiabe (bateria-jolea), Mikel Galvez (abeslaria), Julen Zubiaga (gitarra-jolea) eta Alex Agiriano (baxu-jolea) eskoriatzarrek punk-rock doinuak joko dituzte emanaldian. "Guk sortutako zortzi abesti eskainiko ditugu Elorretako kontzertuan, eta gero, RIP, The Adicts, Klavo Oxidado… taldeen bertsioak", adierazi du Alex Agiriano taldekideak.

3 Kuervos taldea osatzen duten Maitane Otamendi Manzana gitarra-jotzaile eta Joseba Olmo baxu-jotzaile eskoriatzarrei eta Jon Iglesias Moreti soraluzetarrari, berriz, Gorka Manzano Manza batu zaie gitarrarekin eta bere ahotsarekin, eta laukotea osatu dute. "Hiru bele izatetik lau izatera pasa gara, eta kantu berriak sortzen aritu gara. Horiek ere Elorretan joko ditugu, aurrez ditugun abestiez gain", adierazi du Olmok. Gainera, azaroan Aramaioko El Exterminio de la Raza del Mono taldearekin batera disko bat grabatuko dutela aurreratu du. No Somos Cicatriz taldea, berriz, Aramaiokoa da, eta euren azken emanaldia izango dela aurreratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak