Ayotzinapan desagertutako 43 ikasleak gogoratzeko ekitaldia egingo du EskoZap-ek

Imanol Beloki Unamuno 2024ko ira. 25a, 09:34

43 aulki, argazki eta kandela, dordokaren irudiarekin, desagertutako ikasle normalistak gogoratzeko.

Bihar, azaroak 26, eguena, hamar urte beteko dira Ayotzinapan (Mexiko) 43 ikasle desagertu zirenetik, eta Eskoriatzako EskoZap talde zapatistak ekitaldia antolatu du Fernando Eskoriatza plazan, 19:00etan, gertakari hori gogoratzeko.

Duela 10 urteko irailaren 26an, Ayotzinapako Escuela Normal Rural Raul Isidro Burgoseko ikasle talde batek Mexiko Hirirako bidea hartu zuen autobusean, Tlatelolcoko hilketa —militarrek eta talde paramilitar batek egindako sarraskia— gogoratzeko martxa batean parte hartzeko.

Poliziak eta indar militarrek elkarrekin egindako operazio batean, ikasleak zihoazen autobusak tirokatu zituzten, eta baita ikasleak berak ere. Gainera, futbolarien autobus bati ere eraso egin zioten, mobilizatzera zihoazen ikasleetakoa zirela pentsatuta, eta gidaria eta 14 urteko futbolari bat hil zituzten.

Orduz geroztik, desagertze horiek argitzeko ekitaldiak egiten dira mundu osoan, aldarri baten lelopean  Bizirik eraman zituzten! Bizirik nahi ditugu!

Duela bost urte egindako ekitaldia

Duela bost urte elkartasuna adierazteko asmoz burutu zuten ekintza, Fernando Eskoriatza plazan, EskoZap elkartekoek. Protesta gisa, ikasle bakoitzaren argazki eta kandela bana jarri zuten, eta desagertuen ikurra den dortoka baten irudia marraztu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak