Irailaren 25ean egingo du aurkezpena Tipi-tapa elkarteak

Imanol Beloki Unamuno 2024ko ira. 17a, 16:59

Tipi-tapa elkarteko bi ordezkari ludoteka aurrean.

Tipi-tapa elkarteak 2024-2025 ikasturteko bazkidetza kanpaina abian jartzeko aurkezpen ekitaldia egingo du irailaren 25an, eguaztena. 0-4 urte bitarteko haurrei  zuzendutako ekintza izango da, 17:00etan, Fernando Eskoriatza plazan, eta eguraldi txarra egiten badu frontoira lekualdatuko dute ekintza.

Tipi-tapa elkarteak hasi du ikasturtea, eta, gaurtik aurrera izen-ematea zabalik dago. 0 eta 6urte bitarteko haurren garapenerako euskara familia txokoa da Tipi-tapak aurrera atera nahi duena, baina, aurrez aurkezpen ekitaldian honakoa izango dela aurreratu dute: 0-4 urte bitarteko haurren eta euren gurasoen esperimentazio gunea izango da. Material ezberdinez egindako jolasen bitartez, esperimentatu eta sortzeko gunea: area, lurra, sukalde txokoa, argi-mahaia, eraikuntza txokoa… Txatxilipurdi elkarteko kideek dinamizatuta izango da, bi orduko iraupena duen saioa.

Informazio gehiago nahi duenak tipitapaelkartea@gmail.com helbidera idatzi edo irailaren 25ean Fernando Eskoriatza plazan izango den informazio mahaian galdetu dezake.

Bazkidetza kanpaina

Tipi-tapa Eskoriatzako zenbait gurasoen artean sortutako irabazi asmorik gabeko elkarte bat da. 0-6 urte bitarteko haurrak dituzten familiei bideratuta dago. "Kide izango garen familia guztiak maila berean egongo gara, eskubide berberak izango ditugu. Elkarte ireki eta parte-hartzaile bat izatea nahi dugu, elkarrenganako errespetua nagusituz". Bazkide izateko bazkidetza orria bete beharko dute interesdunek, eta, transferentzia bidez 30 euroko kuota ordaindu (ikasturte osorako) (Familia bakoitzeko ordainketa bakarra egin, berdin da ume bat izan edo 4)
Kontu korronte zenbakia: ES90 3035 0044 84 0440042004 (Laboral Kutxa).  

Helburu nagusiak

Espazio seguru eta itxi bat izatea, herrian euskarari indarra ematea eta onen erabilera handitzea, guraso eta haurren arteko harremana sendotzea, haurren garapenerako lagungarria den espazio bat izatea, ikastetxeen arteko harremana sortzea eta kultura/hizkuntza ezberdinen
integrazioa bultzatzea, guraso sarea sortzea, gurasoen arteko elkarlaguntza sustatzea eta amatasuna lantzeko eremu bat izatea.

Eskaintzari dagokionez, besteak beste, haur txikiekin familian egoteko leku itxi eta seguru bat izatea nahi dute. Aurten, Tortolis ludoteka izango dute erabilgarri (Ludoteka zerbitzuarekin partekatuz) astelehenetik ostiralera: 10:00-15:00 eta asteburu eta jaiegunetan: 10:00etatik 20:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak