Egubakoitzean irekiko dituzte ateak Eskoriatzako gaztelekuan

Imanol Beloki Unamuno 2024ko ira. 17a, 11:29

Eskoriatzako gaztelekua.

Gaztelekua, 12-17 urte bitarteko nerabeei zuzendutako zerbitzuak, egubakoitzean, irailaren 20an, irekiko ditu ateak. Horrekin batera, bihar, eguaztena, 18:30ean, gurasoentzako informazio bilera irekia deitu dute.

Joseba Iñurrategi pilotalekuaren alboan dagoen lokalean eskaintzen dute zerbitzua egubakoitz, zapatu eta domeketan, irailetik ekainera bitartean. Egubakoitzetan  17:00tik 20:30era eta zapatu eta domeketan 16:30tik 20:30etara. Horretaz gain, neguko, udaberriko eta udako oporretan, eskaintza bereziak antolatzen dira bertako erabiltzaileekin batera.

Gazteleku zerbitzuan nerabeek ondo pasatzeaz gain, beste hainbat esperientzia ere ikasten dituzte, izan ere, zerbitzuaren helburuen artean, parte-hartzea, euskararen erabilera, genero arteko berdintasuna, tratu onak eta prebentzioa sustatzea ditu zerbitzuak. Nerabeei erabat irekia da, edozeinek har dezake parte, bertaratu eta izena ematea besterik ez da egin behar zerbitzuaz gozatzeko, doakoa da.

Gurasoentzat informazio bilera, eguaztenean

Gurasoei zerbitzua aurkezteko bilera egingo da irailaren 18an, eguaztena, 18:30ean. Gaztelekuan bertan, hezitzaile taldeak zerbitzuaren nondik norakoak azalduko ditu. Gaztelekuak programazio berezia izango du irailean zehar erabiltzaile berriei begira, zerbitzuaren funtzionamenduaren berri eman, zerbitzuak dituen baliabideak erakutsi eta hainbat ekintza antolatuz, musikaz girotutako ongietorri askaria edota talo tailerra besteak beste.

Irailaren 20ean arratsaldeko 17:00etatik aurrera zabalduko ditu ateak Gaztelekuak, eta 12-17 urte bitarteko nerabe guztiek aukera izango dute bertaratu, eta gaztelekua ezagutu nahiz ekintzetan parte-hartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak