Leire Ratoren entrenatzaile Rafa Carriet-ek oso presente dauka noiz hasi zen borrokalari eskoriatzarra entrenatzen: "2016an hasi zinen klubean. Oraindik gogoan dut gurekin entrenatzea nahi zenuela esan zenidan eguna eta zure ilusioa zela egunen batean lehiatu ahal izatea. Halaxe egin zenuen, titulu autonomikoak, estatukoak, europarrak eta mundialak lortu zenituen; ez zenuen mugarik, edozein erronka motibazioa zen zuretzat eta horren bila joaten zinen. Une handiak igaro genituen garaipenekin eta ez horren onak gauzak nahi bezala ateratzen ez zirenean, baina hurrengo egunean prest zeunden berriro akatsak zuzentzeko eta lan egiteko. Ondo zenioen bezala, batzuetan irabazi egiten da; ikasi, beti. Hurrengo erronkak prestatzeko hasierako ilusio berarekin ari zinen entrenatzen".
Carriet-ek adierazi duenez, irailaren 15ean omenaldia egingo diote Leire Ratori Manuel Muñoz kiroldegian, eta gaineratu du Eskoriatzan egin ohi den Axtroki Kopak aurrerantzean Leire Rato Memoriala izena eramango duela seguruenik.
Doluminak Eskoriatzako Udalaren partetik
Eskoriatzako Udalak ohar bidez adierazi nahi izan ditu doluminak: "Eskoriatzako Udalak bere samina eta tristura adierazi nahi du Leire Rato eta Ramon Lariosen heriotzengatik. Mirestekoa izan da Leirek Eskoriatzako Atama Kenpo taldean izandako ibilbide ezin hobea. Eskoriatzako Udalak bere dolumin beroenak agertu nahi dizkio hauen familia eta lagunei, bereziki Atama Kenpo taldeari. Goian Bego".