Azken bi edizioetako formatua mantenduko da eta iraileko hirugarren asteburuan izango dira emanaldi guztiak. Ekitaldi guztiak plazan izango dira, eta, bigarren eszenatoki bat izango da Inkernu taberna kanpoan, Emakumeen txokoko plazan. Hiru egun iraungo du festak eta zortzi ekitaldi antolatu dituzte. Hori guztia iragartzeko aurkezpen ekitaldia egingo dute abuztuaren 31n Inkernu tabernan eta Arrasateko Maniaks taldearen ere kontzertua emango du.
Berritasunak ere izango ditu Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatutako jaialdiaren aurtengo edizioak; izan ere, dantzak ere izango du bere lekua Gorosarri dantza-taldearen urteurrena delako, besteak beste. "Inoiz baino ekitaldi gehiago izango ditugu, eta kartela azken urteotako onenetariko bat dela esango genuke", aurreratu dute antolatzaileek.