Iker Luarizaristi: "Punk musikak eragiten didalako noa Argentinara"

Imanol Beloki Unamuno 2024ko abu. 3a, 09:19

Iker Luarizaristi eskoriatzarra lokalean entseatzen.

Los Saneadores proiektua sortu zuen Iker Luarizaristi eskoriatzarrak hainbat musikari argentinarrekin; abuztuan hara joango da, Cordoba hirira, eurak ezagutzera, zuzenekoak ematera, eta, bide batez, lau kantu estudioan grabatzera.

Punk musika estiloa du pasio umetatik Iker Luarizaristi Alberdi (Eskoriatza, 1986) eskoriatzarrak. Horren adierazle da 17 urte zituenean punkak mugituta, Argentinako lagunak egin zituela. Musika elkarbanatzen hasi ziren, musikaz hitz egiten, eta ordutik hona harremana mantendu du beraiekin. Hori gutxi balitz, disko bat ere grabatu du Luarizaristik argentinarrekin, baina, modu berezian gainera. Hau da, teknologia berriak erabilita. Saretik soilik ezagutzen dira, baina, udako oporraldia Argentinako Cordoba hirian egingo du Luarizaristik, beraz han elkartuko dira.

Argentinara joango zara abuztuan, Cordoba hirira; zein da helburua?

Batetik, gaztea nintzenetik ezagutzen dudan Chirola bertatik bertara ezagutzea; diskoa grabatzen lagundu diguten eta zuzenekoak ematen lagunduko diguten beste hainbat kiderekin batera. Egin dugun lana jendaurrean aurkeztu nahi dugu: hau da, zuzeneko kontzertuak emango ditugu, eta, bestetik, lau kantu berri ere estudioan grabatzeko tartea hartuko dugu. Labur esanda, hori izango da hango egonaldian egingo dudana. Horrekin batera, lurraldea, beraien lagunartea… ezagutzea ere izango da nire asmoa. Gogoz nago haiekin elkartzeko.

Zuzeneko kontzertuak aipatu dituzu; elkarrekin sekula entseatu gabe, oholtzara igoko zarete?

Hori da. Asmoa da bi kontzertu eskaintzea da. Agian, izango dugu tartea pixka bat entseatzeko, dena dela, badira hilabete batzuk eurak zuzenekoa prestatzen hasi zirela, beraz ez dugu arazorik izango. Abuztuaren 16an, Cordoba hirian, Petalos de Sol aretoan egongo gara, 21:00etan. Botellas y algo más taldearekin batera. 2023ko otsailean argitaratu genuen Los Saneadores diskoan batzen ditugun bederatzi abestiak joko ditugu, denak segidan, baina bederatzi abesti ez zirela nahikoa izango iruditu zitzaigun eta La Polla Records taldearen hamar bertsio inguru ere prestatu ditugu. Abuztuaren 23an, berriz, 990 Arte Club aretoan arituko gara; Piquillin y los Compadres taldea, Botellas y algo más, Helga Pataki, Mala Conducta, Excusas Viejas, Los Zatrapas eta Los Saneadores, izango gara kontzertua ematen.

La Polla Recordsen bertsio-sorta ere izango da zuen emanaldiko parte, beraz?

La Polla Records taldearen zale amorratuak dira Argentinako lagunak, eta horrek ere batzen gaitu. Gainera, Evaristok diskoan parte hartu zuen, Amenaza Social izena daukan kantan abestu zuen.

Vuelko taldeko gitarra-jolea zara, baina, kasu honetan, abeslari arituko zara.

Zenbait kantutan gitarra jotzea eta abestea ez da erraza, beraz, Argentinan egingo ditugun emanaldietan abestu egingo dut, soilik. Diskoaren grabaketan jende gehiagok hartu zuen parte, baina, honakoa izango da egitura: Chirolak bateria, Franek baxua, Juanek eta Konek gitarrak, eta neuk abestu.

Esperientzia ederra bizitzeko asmoz zoaz hara, beraz?

Abuztuaren 7an irtengo naiz, Madrildik, eta hilaren 29an bueltatuko naiz. Bidaia hamabi ordu eta erdi ingurukoa da, eta eskerrak zuzenean noala, geldialdirik gabe, eta buelta ere berdin. Kosta zitzaidan hara joateko erabakia hartzea, baina aspalditik nuen gogoa joateko. Uste dut sekulako esperientzia biziko dudala, eta, bideo batzuk grabatu eta argazki batzuk aterako ditugun arren, helburua disfrutatzea da, eta unea bizitzea. Zuzeneko emanaldiez gain, lau kantu berri grabatuko ditugu Quinta Esencia estudioan; beraz, aurrera begira ere izan dezake bidea abentura honek. Ikusiko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak