Uztaileko lehenengo hamabostaldian ekintza ugari izan dituzte Eskoriatzako gaztelekuko nerabeek Udaero egitasmoaren barruan, eta programatutako zenbait ekintza Aretxabaletako eta Arrasateko gaztelekukoekin batera egin dituzte, gainera. Eskoriatzako gaztelekuko hezitzaileek "oso ondo" baloratu dute egindakoa.
"Gaztetxoen jarrera txalotzekoa izan da antolatutako ekintzetan, eta ikasturtea borobiltzeko egindako ekintza-sorta ederra izan dela uste dugu. Gainera, eguraldia ere lagun izan dugu", azaldu du Irati Unanuek, Eskoriatzako gaztelekuko hezitzaileak.
Deban surfa egiten
Udaero egitasmoaren barruan egindako ekintzetatik Debara egindako irteera nabarmentzekoa dela adierazi du Unanuek: "Eskoriatzako, Aretxabaletako eta Arrasateko gaztelekuetako 36 neraberekin izan ginen Deban. Surf ikastaroa egin genuen bertan, Yako surf eskolakoekin, bi taldetan banatuta, eta oso ondo pasatu genuen. Beste edizio batzuetan ere egiten den irteera da, eta funtzionatzen duela esango nuke, gazteek ederto pasatzen dute".
Kosta, mendia eta azken afaria
Joan den astean, berriz, Mutrikuko igerileku naturaletara ziren joatekoak, baina, uretan zegoen bakterio batengatik, Ondarroara joan ziren egun-pasa. "Kasu horretan ere Aretxabaletako eta Arrasateko nerabeekin egin dugu irteera. Kukañan aritu ginen portuan jauziak egiten…". Horrekin batera, irteera bat ere egin dute Eskoriatzan bertan; hain zuzen ere, ilunabarra ikustera joan ziren joan den astean Santa Luziako berdegunera. Bertan zenbait jolas egin, proiektorea jarri eta izarren azpian pelikula bat ikusteko tartea ere hartu zuten. Ikasturtea borobiltzeko azken afaria ere egin dugu; hain zuzen, parrillada ederra egin zuten hilaren 12an", adierazi du Unanuek.
'Gaztekonkis' Garaionen
Asteon, berriz, hiru eguneko irteera antolatu dute Garaionera, eta bertan Gaztekonkis abentura izan dute nerabeek. Taldeetan banatuta, proba ugari egin behar izan dituzte.