Santa Marinako kioskoa, sortzaileen erakusleiho izango da

Imanol Beloki Unamuno 2024ko uzt. 19a, 10:16

'Zedemontre' hirugarren edizioko parte-hartzaileak.

Eskoriatzako Udalak antolatutako Zedemontre topaketaren hirugarren edizioaren izen-ematea amaituta, Leire Lezeta eta Dorleta Ezeiza eta Zirrara taldea igoko dira hilaren 19an 19:00etan Santa Marina plazako oholtza gainera.

Zedemontre topaketaren hirugarren edizioa izango da hilaren 19an, mota guztietako sortzaile eta artistentzat, musikan, antzerkian eta taularatu daitekeen beste edozein modalitatetan aritzen direnentzat. Aurten bi sortzaile animatu dira parte hartzera: batetik, Leire Lezeta eta Dorleta Ezeiza eskoriatzarrak bikote formatuan: eta, bestetik, Zirrara taldea. Ekitaldia gaur 19:00etan izango da, Santa Marinako oholtzan, eta, bigarren edizioan moduan, sorkuntza bultzatzeko asmoa duen egitasmoa izanda, parte hartuko dutenek egiten dakitena gauzatzeko zuzenekoak egingo dituzte.

Eskoriatzan jaiotako edo erroldatutako pertsona guztiei zuzendutako egitasmoa da. Taldeei dagokienez, taldea osatzen duen pertsonetako batek, gutxienez, Eskoriatzan jaiotakoa izan beharko du, edo bertan erroldatuta egon. Parte hartzen duten pertsonek edo taldeek 30 minutu inguruko saioa egin beharko dute zuzenean, eta euskara hutsean egitearren sariak gehigarria izango du. Hauxe adierazi du Arantza Unzuetak, Eskoriatzako Udaleko Kultura teknikariak, aurtengo lehiaketara begira: "Eguraldi txarra egiten badu, kontzejupean egingo dugu ekitaldia, kalean jaio den topaketa delako. Aurrez egindako edizioak arrakastatsuak izan dira; iaz, esaterako, jende dezente batu zen Santa Marinan. Parte-hartzea ez da handia izan aurten, baina topaketaren helburua hasiberriei aukera bat ematea; beraz, pozik gaude animatu direnengatik".

Euskal erromeria

Leire Lezeta eta Dorleta Ezeiza eskoriatzarrek, panderoa eta soinua oinarri, perkusio pixka batekin lagunduta egingo dute zuzeneko saioa. "Gure gustuko kantak hartu, eta nahasketa bat eskainiko dugu; abesti tradizionalak eta ez hain tradizionalak. Kalean aritu izan gara jotzen, baina hortik haratago ere beti egin nahi izan dugu zerbait gehiago egin. Hala, herrian bertan, etxekoen aurrean, erronka modura, parte hartzera animatu gara; ondo pasatzea izango da gure asmoa", adierazi du Leire Lezetak.

Bertsioak

2023an sortutako taldea da, bestalde, Zirrara, eta musika taldeen bertsioak eskainiko dituzte gaurko emanaldian: "Lagun talde bat gara, eta, ikas bidaiarako dirua lortzeko hasi ginen arren, jarraitu egin dugu bidea. Eider da abeslaria, Maren gitarra-jolea eta ahotsa, eta ni [Oihana] taldeko bateria-jolea naiz. Orain arte, beste musika talde batzuen bertsioak soilik egin ditugu, estilo bakar batera mugatu gabe; gaurko lehiaketarako zuzenekoa emateko, berriz, modu akustikoan arituko gara. Hau da, Eiderrek abestu egingo du, Marenek gitarra espainola joko du, ahotsek lagunduta, eta nik kaxa joko dut. Jasan, Olaia Inziarte, Olatz Salvador, Rozalen, Izaro, Lola Flores… talde askoren bertsioak izango dira egingo ditugunak", dio Oihana Koskorrotza taldekideak.

Artisau garagardoak

lagunduta Kontzertuek iraun bitartean, Eskoriatzako Gerrigarado elkartekoen garagardo artisaua dastatzeko aukera izango da bertan jarriko duten postuan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak