Aitzol Apalantzak eta Olatz San Migelek ondo defendatu dute txapela Eskoriatzan

Xabier Urtzelai 2024ko uzt. 13a, 19:15

Iaz azkarrenak izan zen Aitzol Apalantzak, Olatz San Migelek lagunduta, Eskoriatzako rallyspinta irabazi du bigarren urtez. "Jakinekoa da automobil azkarrena daukagula, baina horrek presioa ere badakar, eta gaur gustura geratu gara egin dugun lasterketarekin, beste pilotuak ere oso azkarrak direlako", adierazi dio irabazleak GOIENAri. Zalantzan dago, hori bai, datorren urtean rallysprinta antolatuko duten ala ez.

Aitzol Apalantzaren eta Olatz San Migelen Hyundai I20 R5ak ez du kontrariorik izan Eskoriatzan, eguneko lau txandatan –goizean bi eta arratsaldean beste bi– eurak izan direlako azkarrenak (21.33.325), eta ia 23 segundotara amaitu dute bigarren sailkatu diren Gorka Antxustegik eta Xabat Urrestik (Clio Williams), eta 34 segundotara Gorka Idigoras eta Nerea Campos (Clio Sport).

Apalantzak auto azkarrena –eta eskuak ere halakoxeak– dituela jakitun, gainontzeko pilotuak beste maila batean lehiatu dira, baina gozatu egin dute denek. "Ibilbidea errekonozitzera etorri nintzenean ez nintzen oso sentsazio onarekin geratu, tramu batzuk arriskutsuak iruditu zitzaizkidan, baina egia esan gaur gozatu egin dut, oso gustura ibili gara", nabarmendu du Antxustegik. "Apalantzaren autoa koska bat gorago dago, eta horrekin batera, pilotu moduan ere oso ona da, horrenbestez, bagenekien garaipenagatik borrokatzea oso zaila izango zela, baina horretan saiatu gara. Bigarren postuarekin goaz, pozik", adierazi du Antxustegik.

Apalantzak berak ez du gorde auto azkarrena duela, baina aitortu du horrek lasterketa guztietan irabaztera irtetzera derrigortzen duela, eta beti faborito izate hori ere kudeatu egin behar dela. "Ikasi dugu hori hobeto eramaten, hasieran gehiago kostatzen zitzaidan, auto onena izate horrek ematen duelako bai ala bai irabazi behar duzula, eta hemen oso jende ona dago. Baina azken lasterketetan gozatzen gabiltza, eta pozik geratu gara Eskoriatzan egin dugun lasterketarekin".

Etxean lehiatu diren Gorka Idigoras eta Nerea Campos podiumeko hirugarren koskara igo dira. "Eta oso pozik gaude emaitza horrekin, kontuan hartuta Eskoriatzako aurreko bi edizioetan ez ginela lasterketa amaitzeko kapaz izan. Azken batean, pilotu moduan gauzak ondo egin nahi dituzu etxekoen aurrean, baina aldi berean antolatzaile lanetan ere ibiltzen gara, eta buruak ez du denerako ematen. Horrelakoetan poltsikoko telefonoa amatatu, eta lasterketan kontzentratu behar zara, bestela arriskutsua ere izan daiteke, eta gaur lortu lasterketa txukuna egitea".

Azkeneko rallysprinta izango da?

Ikusteko dagoena da datorren urtean Eskoriatzan automobil lasterketa antolatuko duten ala aurtengoa azkena izan ote den. "Orain ezetz esango nizuke, antolaketa lanetan gabiltzanok dagoeneko nekatu samar gaude, hainbat urte daramatzagu hau antolatzen, eta lan asko da. Ea atzetik datozen gazteek erreleboa hartzen duten, badute eta afizioa".

Lasterketako sailkapena, hemen.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak