Motor zarata eta gasolina usaina nagusituko dira bihar Eskoriatza eta Aretxabaleta artean; izan ere, hirugarren urtez egingo dute Eskoriatzako Rallysprinta. Iazko edizioarekin alderatuz ez da ia aldaketarik egongo; ez, behintzat, ibilbideari dagokionez. "Aldaketa bakarra Eskoriatzako irteera puntuan egongo da: herriko plazan izan beharrean eliza parean izango da", adierazi du Gorka Urrutiak, Eskoriatzako Rallysprinteko antolatzaileetako batek.
Lau txanda
Lasterketari dagokionez, lau txandatan banatuta egongo da eta ibilbide berean Eskoriatza eta Aretxabaleta artean bi noranzkoetan jokatuko da. Eguerdian hasita, lehenengo txanda (12:00) eta bigarrena (13:10) Aretxabaletatik Eskoriatzara bitartean jokatuko dira. Mendiolako lehenengo aldapatik hasi –Aretxabaletako Bainuetxe industrialdea–, Lete, Eraña, Bolibar eta Agiñatik igarota, Atxorro- txeko zementuzko bidetik behera, helmuga han izango da.
Hirugarren (15:30) eta laugarren (16:40) txandak, berriz, arratsaldean jokatuko dira. Kasu horretan, irteera Eskoriatzako eliza parean izango dute, eta, aurkako noranzkoan gorantz atera eta ezkerrera eginda, Namaste belar-dendatik gora, depositu zaharretik gora, Atxorrotxeko zementuzko bidetik gora, Bolibartik, Erañatik, Letetik, eta Mendiolan amaituko dute. Urrutiaren esanetan, dena duen ibilbidea da: "Ibilbideak denetarik du. Estua, zabala, azkarra, motela eta teknikoa da, baina polita da, aldi berean".
Berrogeita bost auto
Parte hartzaile kopuru polita egongo da hainbat kategoriatan banatuta, guztira berrogeita bost autok eman baitute izena. Jarraitu beharreko izen propioak ere egongo dira, bailarakoak, esaterako, etxeko lasterketa izanik ondo baino hobeto ezagutzen baitituzte bertako bihurgune guztiak. "Etxeko lasterketa izanik Eskoriatzako pilotuen izenak hartu beharko dira kontuan, baina, orokorrean, denak dira maila handiko pilotuak", dio Gorka Urrutiak.
Segurtasuna
Lasterketa jokatzea da asmoa, baina antolakuntzak dio oso zorrotz begiratuko dutela segurtasuna bermatzen den edo ez. "Lehiatzeko, segurtasuna bermatu beharra dago; hala ez bada, ezingo da lehiatu. Dena dela, uste dut denon laguntzarekin lortu daitekeela eta lasterketa on batekin gozatzeko aukera izango dugula", dio Urrutiak