Historiaurrean hasi eta XVIII. mendera arteko herriko historia eta istorioak kontatu dizkie Arantza Otaduy historialariak gaur Eskoriatzako bisita gidatura batu direnei. Eraikin monumentalen ingurukoak, merkataritzaren ingurukoak, herriko pertsonaia historiko ospetsuenei loturikoak... Bidean, Ibarraundi, Iturrizar eta garbitokia, San Pedro parrokia, ospitalea (gaur egungo unibertsitatea), hilerria, Olazaharra eta plaza bisitatu dituzte.
Otaduyrendako sorpresa polita izan da gaur goizean horrenbeste jende bisitara batu izana eta poztu egin dela azaldu du. Eskoriatzako historiaren inguruan galdetuta, azaldu du eskualdekoarekin oso lotutakoa dela: "Gure eskualdea lotuta dago eta erlazio zuzena dago herri bateko eta besteko historiaren artean". Gaineratu du, horrelako irteeretan herritarrak harro sentiaraztea izaten dela bere helburua. "Horrek, belaunaldi gazteei daukaguna helarazten laguntzen baitu".