Atama Kenpo Eskoriatza taldeak antolatuta, eta IKJOk (International Kenpo Jiujitsu Organization) babestuta, lehenengoz jokatuko da kenpo eta kenpofightmma diziplinen Axtroki opena Eskoriatzan. Manuel Muñoz kiroldegian hasiko dira, 10:00etan, lehenengo erakustaldiekin; 11:00etan, berriz, O'Dogherty tabernan partaideen pisatzeak egingo dituzte; face to face deritzenak egingo dituzte eta photocall-a egongo da. 14:00ak arte borrokak egongo dira, eta, 14:00etatik 16:00ak bitartean atseden hartu ostean, 21:00ak arte kaiolako borrokak izango dira.
Modalitateak ezagutzeko
Guztira, 130 parte-hartzaile izango dira, leku askotatik etorritakoak: Andaluzia, Galizia, Katalunia… baita bertakoak ere. Hain zuzen, Eskoriatza Atama taldeko hogei borrokalarik ere parte hartuko dute lehiaketan, bakoitzak bere modalitatean. "Borroka ugari izango ditugu egun osoan. Kenpo tradizionalarekin hasiko gara, eta katen, kobudoaren eta goshinaren –defentsa pertsonala– lehiaketak egingo dira, baita borroka, semikenpo, submission eta kenpofightmma modalitateak ere", dio Atama Kenpo Eskoriatza taldeko Rafa Carriet entrenatzaileak.
Oktogonoaren xarma
"Epaile lanetan ariko naiz, eta niretzat sekulako oparia da epaile lanetan aritzea. Lehenengoz izango dugu oktogonoa bailaran, eta, guztira, hamasei borroka izango ditugu kaiola horretan. Hasiberrientzako txapelketa da, baina parte-hartzaile guztiak munduko txapeldunak balira bezala sentiarazten saiatuko gara", dio Carrietek.
Atamakoak gogoz daude
Juan Antonio Garcia Mondra, Jose L. Maqueda, Danel Izurrategi, Leire Rato, Ioritz Diaz, Najih Douali eta Ion Garcia izango dira Atamako ordezkari nagusiak, eta gogoz daudela azaldu du Mondra-k: "Ez dago faboritorik, baina maila ona eman nahi dugu".