Ibilaldi osasuntsua antolatu du Eskoriatza Lagunkoia taldeak, herria ezagutzeko

Imanol Beloki Unamuno 2024ko uzt. 3a, 16:35

San Pedro parrokia, Huhezi unibertsitateko ataritik.

Eskoriatza Lagunkoia taldeko kideek ibilaldi osasuntsua antolatu dute uztailaren 6rako. Bertan, herriko aberastasun monumentalak ezagutzeko aukera izango dute Arantxa Otaduy Arrasateko historialariaren laguntzarekin.

Ibilbidea bi kilometrokoa izango da, eta bi orduko denbora-tartean egingo dute. "Bisita adinekoen mugikortasunean pentsatuta dago, eta, horregatik, aurreikusita dago horrela izatea. Bi kilometro, bi ordutan, eta 15 minutuero atsedenaldiekin. Gainera, gure eraikin garrantzitsuenei eta haien historiari buruzko azalpen interesgarriak jasotzeko aukera izango dute datozenek. Azalpen horiek jasotzeko, itzalak eta eserlekuak dituzten espazioak aukeratu ditugu. Hau da, oso lasai egingo dugu ibilbide osasuntsua", dio Jose Mari Kortazarrek, Eskoriatza Lagunkoiako kideak.

Ibarraunditik abiatu eta plazan amaitu

Ibarraundi museotik abiatuko da irteera 10:00etan, eta handik Iturrizar, San Pedro parrokia, Huhezi unibertsitatea, tren geltoki zaharra eta, aukeran, kanposantua egingo dute parte-hartzaileek. Hilerrira sartu nahi ez dutenentzat, burdinola zaharrera zuzenean joatea aurreikusita dago, eta Fernando Eskoriatza plazan irteerari amaiera eman. "Gomendioei dagokienez, oinetako erosoak, bisera eta ur pixka bat eramatea eskatzen diegu parte-hartzaileei".

Eraginkortasuna ahalik eta onena izan dadin, ahalik eta plaza gehien egotea ahalbidetuko dugu, eta izena emateko Jubilatuen Elkartearen lokalean –bihar, eguena, 11:00etatik 12:30era bitartean–edo Manuel Muñoz kiroldegian eman ahal izango da. Edozein argibide  edo informazio nahi duenak, eskoriatzalagunkoia@gmail.com helbidera idatzi dezake.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak