Euskadiko eta Gipuzkoako borroka txapelketak jokatu ziren ekainaren 16an Hondarribian, eta bertan izan ziren Atama Eskoriatza taldeko kideak. Gainera, emaitza bikainekin bueltatu dira; izan ere, kadete, gazte eta senior mailetakoak aritu ziren parte hartzen, eta urrezko hamahiru domina, zilarrezko hamaika domina eta brontzezko sei domina lortu zituzten, kata, kobudo, goshin eta semikenpo modalitateetan.
Erreleboa, bermatuta
Atama Eskoriatza Kenpo klubeko hamalau kirolari aritu ziren bertan, guztira, eta, haiekin batera, Atama Eskoriatza taldeko Arianne Piñero, Jose Luis Carrero, Joseba Izurrategi eta Rafa Carriet epaile lanetan aritu ziren. "Atama Eskoriatza klubeko kirolari guztiek txapelketa ederra egin zuten Hondarribian, eta horren froga da guztiek lortu zutela podiumera igotzea; egindako lan ona adierazgarria da, eta belaunaldien arteko erreleboa bermatuta dagoela eta etorkizunerako proiekzio handia dutela erakutsi zuten borrokalariek", adierazi du Rafa Carrietek, Atama Eskoriatza Kenpo taldeko entrenatzaileak.
Open Axtroki txapelketa
Hurrengo hitzorduari dagokienez, uztailaren 6an lehenengoz jokatuko da kenpo eta kenpofightmma diziplinen Axtroki opena. Esperientziarik gabeko borrokalariei zuzendutako lehiaketa izango da, Manuel Muñoz kiroldegian jokatuko dena, 10:00etan hasita. "Txapelketa horretan kenpo tradizionalaren, katen, kobudoaren eta goshinaren –defentsa pertsonala– lehiaketak egingo dira, baita borroka, semikenpo, submission eta kenpofightmma modalitateak ere", dio Carrietek.
Gaineratu duenez, txapelketan 100 lehiakidetik gora batuko dira: "Asturias, Andaluzia, Aragoi, Katalunia, Galizia, Euskadi, Madril eta Nafarroako lehiakide-taldeak ditugu; guztira, 100 lehiakide baino gehiago". Sarrerak salgai daude –10 eurotan lehiatilan–eta aurrez erreserbatzeko aukera ere badago, kenpofulldefense@gmail.com helbidera idatzita edo whatsapp-a bidalita 627 442 142 telefono-zenbakira.