Kontzertu berezia eman nahi dute gaur, eta, bide batez, eskerrak eman nahi dizkiete musika eskolari lagundu dioten guztiei. Izan ere, 2023ko abenduko zubian lapurreta egin zieten eskolan, eta lapurtutakoaren balioa 15.000 euro ingurukoa izan da. Tresnak eta material informatikoa eraman zituzten, eta ia lan-tresnarik gabe utzi zituzten. Hala, kaltea arintzeko asko lagundu diete herritarrek, eta kontzertua haientzat izango dela adierazi dute musika eskolakoek.
Eskertza mezua
"Lapurtu zigutenean, herriari eta gure ezagunei laguntza eskatzera eraman gintuen egoerak. Gure eskaera zabaltzen lagundu zigun hedabide honek, GOIENAk, eta pertsona pribatuen eta anonimoen zein hainbat elkarteren laguntza ekonomikoekin erantzun da: Eskoriatzako Txistulari Taldea, Eskoriatzan Feminismoa Bizirik, Kinttaden Eguneko Kinttadak, Izaskun Murgia Elkartea, Ad Libitum txaranga, Atxorrotx Kultura Elkartea, Mikros Informatika... baita partikularren instrumentuen dohaintzak ere. Eskoriatzako Udalaren laguntza ere izan dugu", adierazi du Araceli Telletxeak, Beheko Errota Musika Eskolako zuzendariak.
Materiala dohaintzan
"Herritarren laguntzaz gain, beste dohaintza bat Bilboko Arriaga Kontserbatoriotik jaso dutela dio Telletxeak. Ales Larrazabal zuzendariak lutheria eskolako tailerraren ateak ireki zizkigun, Unai Igartua irakaslearen bitartez. Gainera, Javier Guraya, Ander Arroitajauregi eta Luis Artola, guztiak lizentziatuak edo diplomatuak lutherian, euren ikasle onenek egindako bi biolin eta biolontxelo bat eman nahi izan zizkiguten. Guillermo Diazek instrumentuak prest jarri zizkigun eta Bartzelonan luthier ari den Ricard Bertran ikasle ohiaren biolontxeloa aukeratu genuen", adierazi du Araceli Telletxeak.
Orain arte jaso duten laguntza ekonomikoa 5.084 eurokoa da, eta zenbait instrumentu erosi dituzte dagoeneko diru horrekin. Hala ere, oraindik laguntza behar duten arren, gaurko kontzertua ematea posible izango dute.