Dagoeneko eman daiteke izena Udaero programan

Imanol Beloki Unamuno 2024ko eka. 14a, 17:03

Udaero egitasmoaren barruko edizio batean, Eskoriatzako nerabeak Gaztañaduiko ur-jauzian

Udaero egitasmoan gaztetxoek nahi duten ekintza guztietan eman dezakete izena, banaka batean, bitan edo denetan. Izen ematea ekainaren 16ra arte egongo da zabalik, Eskoriatzako gaztelekura joanda edo 688 84 36 21 zenbakira deituta.

Lorratz Elkarteak, Eskoriatzako Udalarekin eta Eskoriatzako gaztelekuarekin elkarlanean, 12-16 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako Udaero egitasmoa antolatu du, beste urte batez. Programa bi zatitan banatzen da: lehen hamabostaldian hainbat egunetako irteerak eta ekintzak eskaintzen dira eta hirugarren astean, berriz, hiru eguneko irteera, Gaztekonkis izenez ezagutzen dena.

Sei irteera aukeran

Hori horrela, Eskoriatzako gazteek ez dute aspertzeko astirik izango, ekintzaz, jolasez, kirolez eta ikastaroez gozatzeko aukera izango dute eta. Hona hemen egunez egun izango diren irteerak: uztailaren 3an, surfa egitera joango dira Debara. Ordutegia 11:00etatik 19:00ak bitartekoa izango da eta prezioa, berriz, 20 eurokoa; uztailaren 5ean, berriz, beste hainbat ediziotan moduan, Eskoriatzako Gaztañaduiko ur-jauzira irteera egingo dute, oinez edo bizikletaz joanda. Ordutegia 16:00etatik 19:00etara artekoa izango da, eta doakoa da. Uztailaren 8an, Mutrikuko igerileku naturaletara irteera egingo dute. Ordutegia 11:00etatik 19:00etara artekoa da eta 10 euro ordaindu beharko dute nerabeek. Uztailaren 10ean, aldiz, pelikula bat ikustera joango dira izarren azpira. Hain zuzen, Santa Luziako berdegunera. Ordutegia 20:00etatik 00:00ak artekoa izango da, eta doan. Amaitzeko, uztailaren 12an egingo dute azken irteera, urrun joan gabe. Izan ere, parrillada egingo dute gaztelekuan, 19:00etatik 22:30era bitartean, eta interesa dutenek hiru euro ordaindu beharko dute.

Zenbait ekintza Aretxabaletako eta Arrasateko gaztelekukoekin egingo dituzte

Elkar ezagutzeko hitzorduak

Eguneko ekintzen artean, batzuk ordaindu beharrekoak dira eta beste batzuk doakoak dira, baina lehenengo bi asteetako ekintza guztietan izena emanez gero deskontu bat aplikatuko dute, eta prezioa 30 eurokoa izango da. Uztailaren 3ko eta uztailaren 8ko ekintzak, bestalde, Aretxabaletako eta Arrasateko gaztelekuetako nerabeekin batera egingo dira, baita Gaztekonkis ere.

'Gaztekonkis' Garaionen

Uztailaren 16rako, 17rako eta 18rako, berriz, hiru eguneko irteera antolatu dute Garaionera. Bertan egingo dute urtero arrakasta izaten duten Gaztekonkis. Telebistako lehiaketa programaren antzera, parte-hartzaileak taldeetan banatuko dituzte eta hiru egunetan zehar beste taldeekin batera hainbat probatan lehiatuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak