Gabez Takarraran mendi lasterketa herrian errotutako proba berezia izan da hamaika urtez. Hala ere, gautxorien neurrira egindako lasterketaren hamabigarren edizioa ez dela egingo aurreratu dute antolatzaileek. "Parte-hartzeak behera egin du, puntako kirolariek ez dute lesiorik nahi, eta, beraz, ez dute gauez korrikarik egin nahi, jende asko behar da antolatzeko eta bidegurutzeetan egoteko, kanpotik datozen askok ez dute errepikatzen, geroz eta giro gutxiago egoten da plazan… Hainbat arrazoi tarteko, ez dugu antolatuko", adierazi du Garbiñe Uribek, Eskoriatza Kirol Elkarteko kideak. Gaineratu duenez, "ez da Udal Gobernu aldaketa izan delako; hori ere iritsi zaigu eta. Pozik gaude antolatzaileok orain arte egindakoekin, baina jakin behar da noiz amaitu, eta iritsi da ordua".
Xarma bereziko proba
Eskoriatzako bi aldeak zeharkatzen ditu probak, 24 kilometro eta 1.200 metroko desnibela duen ibilbidean. Plazan hasita, korrikalariek Asentsio mendia igotzen dute lehendabizi, eta, ondoren, plazara itzuli eta bigarren zatiari egiten diote aurre, Atxorrotx pasa ondoren Makatzgaineraino igota (980 metro). Horren ondoren, beherako bideari ekin eta plazan izaten da helmuga.
Parte-hartzearen beherakadari buelta emateko zenbait saiakera ere egon dira. Zenbait ediziotan oinezko martxa egin da lasterketarekin batera, Euskal Herriko koparako puntuagarria izan da, Eskoriatza Korrika Taldea sortu zen… Erronkak ere ezarri dira nor iritsiko Atxorrotxera bizkorren, baina, azken edizioko balorazioa eginda, bukatutzat eman nahi dute Gabez Takarraran probaren ibilbidea.
Parte-hartzaile esanguratsuak
Bailaran gauez egiten den mendi lasterketa bakarra izanda, izen handiko korrikalariak batu ditu hainbat ediziotan: Oihana Azkorbebeitia, Aitor Ajuria, Silvia Trigueros, David Rua, Nerea Amilibia… Eta herriko ordezkaritza ere izan da presente: Iñaki Uribetxeberria, Bartolo Garcia –omenaldia egin zioten iaz, korrikalari beteranoari hamar aldiz parte hartzeagatik–…